Fontiverosen eskultura kokatu dute dagoeneko herrian

Anboto 2010ko urr. 28a, 09:26

Herri-sarreran, Abeletxe auzoan ipini dute I.Eskultura Lehiaketako lan irabazlea: \'Aldaketa\'.

Herri-sarreran, Abeletxe auzoan ipini dute I.Eskultura Lehiaketako lan irabazlea: Aldaketa. Manuel Fontiveros katalanak sortu du obra; urtarrilean eman zioten saria, eta martxotik ibili da lanagaz ekinean. Hasieran uste baino denbora gehiago erabili du egileak; izan ere, \"altzairuzko piezen bihurdurak egiteko irudimena askatu behar izan du, eskultura lar ez garestitzeko asmoz\", udaletik azaldu dutenez. Ekainera arte ibili zen burdinagaz, eta uztaila eta abuztuan harria lantzen hasi zen. Markinan egin zuen bigarren zati hori, eta \"gaitzena, Berrizerako garraioa\" izan ei da. Garraiatzeko, estruktura metaliko berezia egin behar izan diote, kamioian ez mugitzeko. Pilota 1,30 metro diametrokoa eta 2,5 tonatakoa da; burdinak, 4,20 eta 1,70 metrokoak.

Askatasunari oda

Hiru piezatako eskultura dirudien arren, Fontiverosek funtsean bi direla azaldu zuen. Eraztun nagusia, euskal kultura islatzen duen harrizko pilota zapaltzen ibili da, baina, denboran zehar kulunkatuz, libre izatea lortu du. \"Aldaketa, zentzua eta errespetuari eskainitako lana\" da, eta \"ez irabazle edo galtzaileei omenaldia\". 47 lanen artean erabaki zuten epaimahaiak eta herritarrek Arte Ederretako 24 urteko ikasle honen proposamena saritzea.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!