Tasak bere horretan mantenduko dituzte

Anboto 2010ko urr. 15a, 08:00

Eguazteneko osoko bilkuran hainbat moldaketa adostu zituzten, aho batez, baina ordaindu beharrekoari dagokionez, behintzat, ez da igoerarik izango.

Eguaztenean ohiko osoko bilkura egin zuten Berrizen, eta proposaturiko gaien artean 2011ra begirako ordenantza fiskalen eta tasen ingurukoa zegoen. Bertan, hainbat moldaketa adostu zituzten, aho batez, baina ordaindu beharrekoari dagokionez, behintzat, ez da igoerarik izango. Jasotako zuzenketen artean, ezkontzak Udaletxean egin ahal izateko erabilera tasa aipatu daiteke. Goizeko 10:00etatik 14:00etara bitartean doan eskaintzen zuten zerbitzu hori, eta hemendik aurrera ordutegi publiko osora pasatuko da eskaintza. Bestetik, jaietan postuak ipintzeko 60 euro kobratzen zituen udalak argindarragatik, eta neurri hori arautegian sartuko da, udalbatzaren erabakiz.

Tokiko Garapen agentea

Beste puntu batean, INEMi -%55 ordaintzen du- tokiko garapen agentearen kontratu luzapena eskatzea onartu zuten, aho batez. Jabier Azpitarte alkateak balorazio ona egin zuen, eta datorren urterako komertzio eta produkzio lokalaren arteko hartu-emana indartzea helburu izango duela azaldu zuen.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!