Elikagai sektorearen berrikuntza eta hobekuntza bilatu guran

Anboto 2010ko urr. 15a, 09:54

Eguenean hasi ziren berrikuntza jardunaldiak, Urkiola eta Lea Artibaiko landa garapenerako elkarteen eskutik.

Berrikuntza jardunaldiak antolatu dituzte Berrizen Urkiola eta Lea Artibaiko landa garapenerako elkarteek, nekazaritzako elikagai sektorearen hobekuntza bilatzeko asmoz. Bertan, era berritzaile baten produktuei etekina ateratzeko tresnak ikusiko dituzte parte-hartzaileek; atzo burutu zuten lehenengo saioa, berrikuntza eta sormena lantzea helburu zutela. Begin izeneko proiektuaren baitan, \"nekazaritzako elikaduraren sektoreko ekoizleei merkatua bestelako era batean begiratzen\" lagundu gura diete, \"joera berriak ikusiz, aukera berriak identifikatuz eta elkarlan berriak sortuz\", diote antolatzaileek. Sektorearen garapena ahalbidetzeko hausnarketa bultzatu gura ei dute.

Urria eta azaroa

Eguenean hasi ziren jardunaldiak, eta hurrengo saioa hilaren 28rako aurreikusi dute, produktuaren aukera berriak gaitzat hartuz. Gero, azaroaren 11n, irudia eta marka aztertuko dituzte, eta azkenik, azaroaren 25ean, aliantzen eta elkarlanaren gainean hausnartuko dute. Jardunaldiok Urkiola landa garapenerako elkartearen egoitzan dira -udaletxe zaharrean- eguerdiko 15:00etatik 19:00etara bitartean. Antolatzaileek lehen sektoreko profesionalak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte, eurentzako \"erabilgarri eta interesgarri\" izango direlakoan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!