Arrasateko Txatxilipurdi elkarteak kudeatu eta dinamizatuko du hemendik aurrera trenbide alboan kokatzen den gunea.
Ibilbide berri bati ekin dio Berrizko Gaztelekuak, arduradun berriekin, hain zuzen ere. Arrasateko Txatxilipurdi elkarteak kudeatu eta dinamizatuko du hemendik aurrera trenbide alboan kokatzen den gunea.
Egitasmoa 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa da, eta hiru hezitzailek osatzen dute lan-taldea. Barikuetan arratsaldeko 16:30etik 20:30era izango ditu ateak zabalik; zapatu eta domeketan, ostera, goizeko 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:30etik 20:30era.
Surf ikastaroa
Trenbide alboan dagoen etxe honetan –lehengo kultur etxea izandakoa– eskaintza berezia izango dute, beraz, herriko gaztetxoek. Baina, horretaz gainera, astialdiagaz lotutako beste zenbait ekintzatan parte hartzeko ere izango dute aukera. Dagoeneko programatuta daude urrian burutzeko ekintza batzuk, eta horien artean aipatzekoa da urriaren 24an egingo dutena: surf ikastaroa. Zarautzera joango dira klaseak hartzera, eta, gainera, Gipuzkoako kostaldeko herria ezagutzeko ere aprobetxatuko dute, bide batez. Bestalde, asteburu horretan bertan beste ekintza bi izango dituzte: altxorraren bila lehiaketa eta zirku tailerra. Aspertzeko astirik ez dute edukiko, beraz.
Gaztelekua 2008an ipini zuen martxan udalak, gaztetxoei asti librean elkarregaz egoteko aukera emateko asmoz.