Garita enpresan negoziazioak hasi dituzte asteon

Anboto 2010ko urr. 7a, 10:10

Martitzenean egin zuten batzarra, baina oraindik ez dago akordiorik.

Garita enpresan sorturiko gatazkan bi aldeak hurreratu egin dira asteon. Martitzenean beharginen eta enpresaren ordezkariak batu ziren, eta oraindik akordiorik ez dagoen arren, beharginek protestak bertan behera utzi dituzte, negoziazioak iraun bitartean. Barikuan izango dute berriro batzarra. LAB sindikatutik balorazio gazi-gozoa egin dute egoeraren gainean. Alde batetik, enpresa negoziazio mahaira ekartzea lortu dutelako pozik daude, diotenez \"horixe zelako lehen helburua\". Baina, bestetik, kezkatuta daude, \"enpresak ez duelako jarrera ona erakutsi orain arte\".

Proposamenak

Langileek protestak deitu zituzten \"aurretik lortutako eskubideen urraketa eta lan hitzarmena eztabaidatzeari ezezkoa emateagatik\". Beharginen eskarien artean \"azken 40 urteetan lanean ibili direnei errelebo kontratuak egitea\" dago, esaterako, eta negoziazioetan ere gai hori landu dute. Oraingoz, baina, ez dago akordiorik, \"enpresak egindako proposamenekin ezarritako baldintzak ez direlako onargarriak\".

Akordioa lortzea \"gaitza\" da

LAB sindikatuko ordezkariek adierazi dutenez, gaurko batzarrean enpresak zer jarrera hartuko duen ikusi ondoren erabakiko dute aurrerantzean egin beharrekoa. Akordiora ailegatzea \"gaitza\" izango dela uste dute langileen ordezkariek, eta \"enpresak gaur egungo jarrera luzaro mantentzen badu\", berriro aldarrikapenei ekitea ere ez dute baztertzen. Garita enpresan LAB sindikatuak ordezkari bi ditu, eta ELAk bi. Beharginek joan zen astean eman zuten egoeraren berri, asteburuetan aparteko ordurik ez egitera deitu zutela adieraziz.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!