Berrizko musika etxearen proiektua uda inguruan amaituko dute, baina lanak ez dira datorren urtera arte hasiko.
Berrizko musika etxearen proiektua uda inguruan amaituko dute, baina lanak ez dira datorren urtera arte hasiko. Jabier Azpitarte Berrizko alkateak adierazi duenez, proiektua egin eta \"kaxoian prest\" egongo da: \"Lanak 2011n hasi daitezke\".
Musika etxea Iturriza kalean egongo da, eta denera, proiektuan jasotzen den moduan, 175metro karratu izango ditu. Jabier Azpitarte Berrizko alkateak azaldu duenez, \"lokal argi eta sinplea da\", musika etxe moduan erabiltzeko \"aproposa\". \"Espaloi ondoko horma osoa beirate handi batek osatzen du, eta bertatik kanpoko argi naturala aprobetxatuko dugu\". Barruan, guztira lau gela izango ditu; hiru 25 metro karratukoak, eta laugarrena handiagoa, 40 m2koa, alkateak adierazi duenez: \"Bi talde edo korok entseatzeko aukera interesgarria\". Korridorean gelen aurrean hiru kutxatilategi ipiniko dituzte, \"musika tresnak gordetzeko\".
Proiektua aurrera eroateko herriko musika taldeen ekarpenak jaso dituzte. Garrantzia berezia ematen zioten intsonorizazioari eta gelen tamainari. Alkateak azaldu duenez, intsonorizazioaren inguruan bi alderdi hartu dira kontutan material eta estrukturak aukeratzeko orduan: \"Bat soinua kanpora ez irteteko edo gela batetik besterako eragozpenik ez egoteko, eta bestea gela barruan soinu egokia izateko, oihartzunik gabea\".
Alkateak azaldu duenez, zarata kanpora irten ez dadin, gelak ez daude espaloi ondoan, beste aldean baizik, lurraren ondoan. Sarreran komuna eta aldagela ipiniko dituzte.