Joan zen asteko gertakarien ostean, ertzaintzaren kontrako salaketa prestatzen dabil Koldo Mendez Berrizko PSE-EEko zinegotzia. Jasotako babesa eskertu du, eta errepublikaren aldeko iritzia berretsi ere bai. Bere ustez, gizartean errotuta dagoen eskaria da errepublikarena, eta \"arazo asko konponduko lituzke, baita Euskal Herriko gatazka ere\".
Pasa den astean komunikabide guztietan agertu zen Koldo Mendez Berrizko PSE-EEko zinegotzia. Bilbora Espainiako printze-printzesak etorri zirenean monarkiaren kontrako oihuak bota zituen eta Ertzaintzak atxilotu egin zuen. Poliziek berarekin izandako jarrera \"bortitza\" eta komunikabideen jarduna salatu gura ditu Mendezek.Asteon alderdi sozialistako arduradunekin egon zara. Zer esan dizute?
Gertakarien nire bertsioa kontatzeko deitu didate, eta esan didate espedientea zabalduko didatela. Horrek ez du esan gura alderditik botako nautenik, ezta gutxiagorako ere; ikerketa hasiko dute Bilbon gertatutakoa argitzeko.
[imgd]http://www.anboto.org/images/7700/7717/1.jpg[/imgd] Zer kontatu diezu zuk?
Pasa den astean kontatu nizuena. Bilbon Asturiasko printze-printzesen etorreragaz egin nuen topo, eta errepublikaren aldeko oihuak bota nituen. Ingurukoek nirekin bat egin zuten oihu horietan. Ertzain batzuk nigana etorri ziren, ea pozik nengoen galdetzeko. Nik baietz erantzun nien, nire iritzia adierazteko askatasunean nengoela. Kolpeka atxilotu ninduten eta Deustuko Ertzaintzaren komisarian ere lurrera bota ninduten, eta hainbatetan jo.
Komunikabideek gertatutakoak ez dituzte horrela kontatu.
Ertzaintzak eragin duen intoxikazioagatik izan da hori. Badakite pasatu egin zirela nirekin, eta horregatik, fanatikoa banintz legez aurkeztu behar izan naute. Zoroa, eta ez bere eskubide politikoak askatasunez bizi dituen herritar bezala.
Zelan zaude orain?
Ertzaintzak nigaz izan zuen jarrera dela-eta salaketa prestatzen nabil. Oso babestuta sentitzen naiz. Elkartasun mezu piloa jaso dut, ehundaka. Bai alderdiko kideen aldetik, eta baita gizarteko beste esparru askotako jendearengandik ere.
Kritikak ere jaso dituzu zure alderditik eta sindikatutik.
Kritikak baino ez dira agertu komunikabideetan, babesak egon dira, baina horien berri ez da ia eman. Alderdiak jarrera bat hartu behar du, eta hori ulertzen dut, baina ez nire bertsioa entzun aurretik, ostean baino. Errugabetasun-presuntzioa aldarrikatu gura dut; ni entzun aurretik egin dituzte kritika guztiak.
Zer ondorio atera duzu gertatutako guztiaren ostean?
Argi ikusi dut herri honetan errepublikaren aldeko jende asko dagoela, eta ezin dela euren iritzia isildu. Herritarrok gure eskubideak exijitu behar ditugu, eta errepublikaren aldeko iritzia aldarrikapen bizia da. Demokraziagaz lotutako aldarrikapena da, arazo asko konponduko lituzkeena, baita Euskal Herriko gatazka ere. Jaso dudan babesa eskertzekoa da, eta babesen artean, Iñaki Anasagastik egindako adierazpenak eskertu gura ditut. Nik ere babesa erakutsi gura diot bere liburuarengatik jaso dituen erasoen aurrean.
Komunikabideen jarduna ere gogor salatu duzu.
Komunikabideek, albistea argitaratu eta intoxikatu aurretik, iturriak kontsultatu beharko lituzkete, baina ezer galdetu eta gertatu dena ezagutu barik ailegatzen zaien lehen zaborra ontzat hartzen dute.
Berriztik ere babesa jaso duzu?
Bai, oraindik korporazioak ez du bere jarrerari buruz adierazpenik egin, baina herritar askok deitu didate babesa emateko, bai berriztarrek eta baita Durangaldeko hainbatek ere. Nigaz ados daudela esan didate, eta pentsatzen dudanagaz bat egin ez arren, pentsatzen dudana esateko eskubidea daukadala.
Aurrerantzean, zer?
Argi daukat orain arte jarraitu dudan bidetik jarraituko dudala, nire iritzia adierazten. Nik ez nituen txilioak alderdiaren edo sindikatuaren izenean bota. Nik esan nituenak nire izenean esan nituen. Zera oihukatu nuen: \"monarkia behera!\", \"gora errepublika!\" \"monarkia frankista! \"monarkia hiltzailea! eta \"herri honek memoria dauka!\". Askok daukate nire moduan errepublikaren aldeko jarrera hori, eta gure iritzia azaltzeko libre izan beharko genuke.