Zinegotziak azaldu duenez, \"ertzainek jo egin ninduten\", eta \"euren esku hartzeak ez zeukan ezer demokratikotik\". Atxiloketan jaso zuen \"tratuagatik\" salaketa ipiniko duela iragarri du.
Komunikabide batzuetan bere ahotan jarritako irainak gezurtatu ditu.
Koldo Mendez Berrizko PSE-EEko zinegotzia martitzenean atxilotu zuten, Bilbon, Asturiasko printze-printzesak iraintzea egotzita. Eguazten goizaldean askatu zuten.
Mendezek adierazi duenez, \"gora errepublika!\", \"monarkia frankista\" eta \"herri honek memoria historikoa dauka\" ohiukatu zuen asteartean, Felipe Borboikoa eta Letizia Ortiz Bilbora heldu zirenean, Novia Salcedo fundazioak antolatutako lan integraziorako sari banaketa zela-eta. \"Herritar moduan dudan adierazpen askatasunaren eskubidea erabili nuen, edozein instituzio demokratikok onartuko lukeena\".
Monarkiaren aurka protesta egiten zebilela atxilotu zuten ertzainek Koldo Mendez. Zinegotziak azaldu duenez, \"ertzainek jo egin ninduten\", eta \"euren esku hartzeak ez zeukan ezer demokratikotik\". Atxiloketan jaso zuen \"tratuagatik\" salaketa ipiniko duela iragarri du. Izan ere, zinegotziak adierazi duenez, \"Basurtuko ospitalera eroan ninduten, sorbalda desblokeatuta daukat, eta belaunak zaurituta ditut\".
Berrizen PSE-EEren zinegotzi izateaz gainera, EAEko Langile eta Profesional Autonomoen Batasuneko idazkaria ere bada. Zinegotziak azaldu duenez, \"ez diot inori nire iritziekin bat egiteko eskatzen, baina bai nire alderdi, sindikatu eta agente demokratiko guztiei nire eskubide demokratikoak defendatu ditzaten\".
Irainak gogor gaitzetsi ditu Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak, eta hori ezin dela \"jarrera demokratiko bategaz\" uztartu esan du. Batzorde Eragileak premiazko bilerara deituko duela jakinarazi du, eta alderdiak \"beharrezko neurriak\" hartuko dituela.
Komunikabide batzuetan Mendezen ahotan jarritako irainak gezurtatu ditu zinegotziak.