Berriz Hirigintza Elkartea edo Udalak dituen etxebizitzen alokatzaileak aukeratzeko baldintzak eta prozedurak eguneratu zituzten.
Azkeneko ohiko bilkuran alokairuko etxebizitzen araudian egindako aldaketak aho batez onartu zituzten. Berriz Hirigintza Elkartea edo Udalak dituen etxebizitzen alokatzaileak aukeratzeko baldintzak eta prozedurak eguneratu zituzten, eta Pilar Sainz ongizate eta berdintasun zinegotziak adierazi duenez, hainbat aldaketa egin dituzte: \"Batez ere, eskariak kudeatzeko erraztasun handiagoa izateko\".
Etxebizitza alokatzeko baldintza hauek bete behar dira: adin nagusikoa ala emantzipatua izatea, etxebizitza beharra izan eta eskaria egin den aurreko hiru urteetan elkarbizitzako kideetako inork etxebizitza jabetzarik edo lursail eskubiderik edo gozamenik ez izatea –kaleratze agindua duten kasuetan izan ezik–, Berriz udalerrian erroldatuta egotea, gutxieneko eta gehieneko diru-sarrerak, eta alokairu kontratua formalizatzea.Gizarte egoera ere kontutan hartuko dute alokatzaileak aukeratzerakoan; aitarik eta amarik ez dutenak, langabezian urtebete baino gehiago daroatenak, indarkeria salatu edo epaia duten emakumeak... gizarte egoera larriek 50 puntu gehiago jasoko dute.
Baldintzak betetzen dituztenak, Pilar Sainz, ongizate eta berdintasun zinegotziak dioenez, \"izena emateko aukera dute, epea zabalik dago-eta\".