Apirila eta maiatzerako ikastaro berriak prestatu ditu berrizko Udalak. Herriko sukaldariek emanikoa, ardo dastaketa eta neska gazteentzako sexualitate tailerra izango dira ekintzak.
Apirila eta maiatzerako ikastaro berriak prestatu ditu berrizko Udalak. Herriko sukaldariek emanikoa, ardo dastaketa eta neska gazteentzako sexualitate tailerra izango dira ekintzak.
Apirilaren 14an emango zaio hasiera sukaldarien ikastaroari. Herriko bost jatetxek (Ganeko Etxe, Juliantxu, Pedro Juan, Toki-Ona eta Batzokia) musu-truk parte hartuko dute ekimen honetan. Modu honetan, \"berriztarrek herriko jatetxeetako sukaldariak ezagutu eta bide batez jatetxe honek sustatzeko helburua\" agertu du Udalak. Urtarrilean ere burutu zuten ikastaro hau, eta herritar batzuk partaidetzatik kanpo geratu behar izan zirenez, beste aukera bat eman du orain Udalak. Learreta-Markina ikastetxean izango da hitzordua, eguaztenero, 18:00etatik 20:00etara.
Ardo dastaketa ikastaroa, apirilaren 19tik maiatzaren 10era izango da, astelehenero, 18:00etatik 20:00etara kultur etxean. Guztira, lau saio izango dira: lehenengo saioan, ardo zuria, beltza eta gorriaren arteko desberdintasunak erakutsiko dituzte; bigarren saio baten urteko ardoa, kriantza eta erreserbaren arteko diferentziez berba egingo dute; hirugarren eta laugarren saioetan txakolina eta jatorri diferenteetako ardoak dastatzeko aukera izango dute partaideek. Ikastaroa doakoa izango da eta euskaraz eskainiko du Ana Larrañaga enologoak.
Hilaren 16an hasiko da sexualitate tailer berezia, 13 eta 16 urte arteko neskei zuzendutakoa. Helburu nagusia, \"neska gazteek beraien sexualitatea era libre eta osasuntsu batean bizi ahal izatea da, eta horretarako beste neska edo mutilekin berdintasunean oinarritutako harremanak izateko bitartekoak ematea\", udaletik prentsa oharrean azaldu dutenez.
Ohiko tailer edo hitzaldietatik harago, jokoak, ikus-entzunezkoak eta ariketak izango dira parte hartuko duten nesken kezka, zalantza, beldur, galdera eta abarrei erantzuteko. 16 orduko ikastaroa izango da, ordu biko 8 saiotan burututa. Barikuro, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Parte hartu nahi duten neska gazteek ikastetxean zein udaletxean eman dezakete izena. Eider Goiburu izango da irakaslea.