Andoni Olariaga: "Modernitatea ez dugu gainditu, Erdi Aroan gaude"

Anboto 2010ko mar. 11a, 16:21

\'Modernitatearen auziaz' liburua kaleratu du Andoni Olariaga berriztarrak Jon Jimenez tafallarragaz batera. Filosofia ikasketak amaituta, 1500 eta 1900 arteko zenbait pentsalari aztertu dituzte, gaur egungo arazo etiko eta filosofikoak hobeto ulertzeko asmoagaz. Filosofia gaiei buruz 'Lapiko kritikoa' izeneko blogean ere idazten dute.

\'Modernitatearen auziaz' liburua kaleratu du Andoni Olariaga berriztarrak Jon Jimenez tafallarragaz batera. Filosofia ikasketak amaituta, 1500 eta 1900 arteko zenbait pentsalari aztertu dituzte, gaur egungo arazo etiko eta filosofikoak hobeto ulertzeko asmoagaz. Filosofia gaiei buruz 'Lapiko kritikoa' izeneko blogean ere idazten dute. Bestela pentsatu ohi bada ere, modernitatea gainditu bako aroa dela diozue liburuan… Erdi Aroan Jainkoak esaten zuen zer zegoen txarto eta zer ondo, eta zelan gizartea antolatu. Modernitatean, arrazoiaren bitartez esaten zen zer den egia, eta Estatuak hartu du Elizaren lekua. Oraindik garai horretan gaude, edo atzerago; Estatua kontzientzietan sartzen da. Gainera, berak esandakoaz bat ez datorrena gizartetik kanpora geratzen da. Erdi Aroan inkisizioagaz gertatzen zen moduan. Modernitatea interpretatzeko orduan, desadostasunak daudela aipatzen duzue. Bai, eta interpretazio horien atzean interesak daude. Modu batera interpretatuta justifikatu egin daiteke botereak kontzientziaraino sartzeko daukan ahalmena. Eta horrela interpretatzen bsdugu, orain arte egin dugun berbera egiten jarraituko du. Zertarako balio dezake modernitatea interpretatzeak? Gaur egun krisian gaude; etikoki, sozialki... ez dakigulako zer dagoen ondo eta zer dagoen txarto. Modernitatea aztertzen badugu, dauzkagun arazo horiek hobeto ulertuko ditugu. Modernitatean gertatu zena txarto interpretatzen badugu, berriro jausiko gara errore berdinetan. Krisian gaude, orduan? Bai. Lehen esaten genuen estatua horrela antolatuta zegoela Jainkoak esaten zuelako; gero arrazoiak egiten zuen hori, eta orain hori galdu egin da. Arrazoiak indarra galdu du. Orain ez dago erantzunik, baina jarraitzen dugu pentsatuz badagoela. Posmodernitatea modernitatearen krisia da. Orduan, postmodernitatean gaude gaur egun! Egon beharko ginateke, baina gure mentalitatea ikusita, estatuak jarraitzen du leku hori betetzen. Estatuak dauka lehenago Jainkoak eta arrazoiak zeukaten lekua. Erantzunak emateko papera hartu du estatuak. Zergatik pentsatzen dugu posmodernitatean gaudela? Bagara eta ez gara. Batzuetan onartzen dugu arrazoimenak ezin duela definitu zer dagoen ondo eta zer txarto. Hor daude sentimenduak, mitoak, erlijioak… Adibidez, abortua: esan genezake kasu batzuetan onartzen dugula, eta beste batzuetan, berriz, ez. Gero ablazioari buruz berba egiterakoan, adibidez, argi diogu ezetz. Batzuetan postura bat ziurtasun absolutu bategaz defendatu dezakegu, eta beste batzuetan ez. Nahasketa bat daukagu modernitatearena eta postmodernitatearena. Gure tesia da modernitatea ez dugula gainditu, eta ez dugula ondo pentsatu. Postmodernitatean 'egia' puskatu egiten da. Horrek ziurtasun falta dakarkio gizarteari eta gizakiari. Zelan konponduko gara, ez badakigu zer den ona eta zer txarra? Gizakiak ziurtasunak behar ditu, eta estatuak ere bai. Esan behar du "nire biolentzia ona da, eta nire kontrakoa ez". Lehenago jainkoa zuen, gero arrazoia, eta orain arrazoia, morala... erabiltzen ditu hori justifikatzeko, Erdi Aroan legez.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!