Aurrekontuak onartu dira EAJren aldeko 5 botogaz

Anboto 2010ko mar. 11a, 16:00

Ezker abertzalea eta PSE-EE abstenitu egin ziren, guztira 5 abstentzio, eta EAk aurka bozkatu zuen. Aurtengo aurrekontua 5,4 milioi eurokoa da; iaz baino 398.934,25 txikiagoa.

2010eko aurrekontuak onartu zituzten atzo Udalbatzarrean, EAJren aldeko bost botoekin. Ezker abertzalea eta PSE-EE abstenitu egin ziren, guztira 5 abstentzio, eta EAk aurka bozkatu zuen. Aurtengo aurrekontua 5,4 milioi eurokoa da iaz baino, 398.934,25 txikiago. Jaitsiera hori batez ere, Udal Kutxaren dirusarrerak murriztu direlako izan dela aipatu du, Jabier Azpitarte Berrizko alkateak. Inbertsioetara aurrekontuen %2,45 bideratuko da, hau da, 132.520,54 euro. Sarriako eskola zaharreko teilatua konpontzeko bideratuko dute diru atal honen gehiena, 98.000 euro hain zuzen ere. Ezker abertzaleak zinegotzien dieten inguruko emendakina proposatu zuen. Emandako arrazoien artean, \"zinegotzien artean alkatea da liberatua dagoen bakarra, beraz, Gobernu Taldeak 2010erako aurkeztu duen proposamena zinegotzi bakoitzak hilean 688 euro kobratzea da\". Berrizko ezker abertzaleko zinegotziek kopuru hori erdira bajatzea proposatzen dute, hau da, 344 eurora. \"Murrizketa honen bidez 41.280 euro langabezian dauden herritarren mesederako bideratu ahal izango genuke\", azaldu zuen Karmen Amezua zinegotziak. Alkateak erantzun zuen, \"dietak bere helburua daukate, zinegotziak gastu batzuk sortzen ditu, herri txiki batean zinegotzi izatea lan gehiago suposatzen du, eta kontziliazio familiar, laboral eta politikoa zaila izaten da. Bakoitzak bere dietekin nahi duena egin dezake, bakoitzaren kasua kontutan izan behar da\". Emendakinak ezker abertzalearen aldeko lau botoak bakarrik jaso zituen eta aurkako zazpi.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!