Manuel Fontiveros: "Euskal Herriko eskultoreei diedan miresmenagaz ohorea da saria irabaztea"

Anboto 2010ko urt. 20a, 16:00

Manuel Fontiveros Arte Ederretako ikasle katalanaren lanak Berrizko eskultura lehiaketa irabazi du.

Berrizko eskultura lehiaketako 18.000 euroak Manuek Fontiveros Arte Ederretako ikasleak jaso ditu. Aldaketa izeneko lana aukeratu dute epaimahaikide eta herritarrek. Gazte katalan honek urte eta erdian irabazten duen laugarren saria da hau. Egunotan saria jaso eta eskultura sortzeko lanetan gurean izan dugu. Gogotsu erantzun dio gure deiari. Arte Ederretako ikasle bati hainbeste sari jarraian jasotzea ez zaio egunero gertatzen. Zelan izan zenuen lehiaketaren barri? Internet bidez eskultura lehiaketen deialdiak begiratu nituen. Bizkaian zela ikusita hemen zeozer aurkeztu gura izan neban. Interesa neukan Euskal Herrian lan egiteko. Sortze prozesua zelakoa izan da? Berrizera etorri nintzen ingurua ezagutu eta ikusitako horren arabera eskultura sortzeko. Berriztarrek zituzten kezkak bertatik bertara ezagutu gura nituen. Zer iruditu zaizkizun berriztarrak? Euskal kulturadun herritarrak ezagutu nituen eta ildo horretatik eskultura egin gura izan dut. Zer adierazi gura izan duzu? Euskal kulturari erreferentzia egiten deutson pelotagaz askatasuna erakutsi gura izan dut. Uztai edo eraztun nagusia euskal kultura irudikatzen duen harrizko pelota zapaltzen ibili da, baina denboran zehar kulunkatuz libre izatea lortu du. ez da irabazle edo galtzaileei egindako omenaldia. Aldaketa, zentzunari dei egin gura deutson lana da. Zenbat zatiz osatua dago? Altzairuzko bi piezak lotuta dagoz eta 4,20 eta 1,70 metroko altuera izango dute. Markinako harriagaz egindako pieza 2,5 tonako pelota da. Inguruko materiala erabiliko duzu eskulturan. Egunotan hementxe nabil materiala aukeratzen. Markinan harri blokea hartu eta hemengo tailer batean landu gurako nuke. Altzairua be hemengo galdara-lantegi baten egin gurako nituzke. Planoak eginda ditut eta enpresekin hartu emanetan nabil behar hori nork egingo duen erabakitzeko. Izan be, eskultura hau 2010aren barruan prest egoteko konpromisoa hartu dut. Beste sari batzuk ere irabazi dituzu. Bartzelonako beste lehiaketa batzuk irabazi ditut. IrabaIgualada, Sitges eta Torrelaviten ere lehiaketetan parte hartu dut eta sariak eskuratu ditut. Danak azken urte eta erdian etorri zaizkit. Arte Ederretako ikasle batendako sari mordoa izango dira. Bartzelonako unibertsitatean bosgarren urtean nago ikasten. Harrotasun eta poztasun handia da lehiaketa hauek irabaztea. Sinistu be ez dut egiten. Non jarriko dute eskultura? Eskultura Berrizko sarreretako baten, Learreta-Markina kalearen amaieran jartzea da asmoa. Euskal Herriko eskultoreak gogoko dituzu? Pieza bat Euskal Herrian erakustea handia da niretzat. Gehien miresten ditudan eskultoreak Oteiza eta Txillida dira. Lehiaketan maila handia izan dela diote. Proposamen oso onak ikusi ditut. Proposamen asko aurkeztu dituzte, guztira 47 esan didatenez. Saria ematerakoan nire piezaren diskurtsoari garrantzia eman diotela irizten diot, ze estetikoki beste obra batzuk kalitate oso handia zeukaten. Bi eskultura nabarmendu dituzte. Esan dutenez, epaimahaiaren iritziz bi eskulturen arteko berdinketa izan da. Hala ere, herritarren botuekin saria eskuratu dudala azaldu didate.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!