Eskolako patioa parkerantz zabaltzeko egitasmoa abian

Anboto 2010ko urt. 14a, 16:17

Eskolaren eta udaletxearen artean egingo dute patioa eta 7.000 metro karratuko azalera izango du. Eskola orduetatik kanpo herri osoarentzat egongo da zabalik.

Urte amaierarako Berrizko eskolan patio berri bat egiteko asmoa dauka bertako udalak. Eskolako sarreran hasiko da patioa, eta proiektuan zehaztu denez, alboko parkearen 7.000 metro karratu hartuko lituzke. Estalgune bat izango du, eta gaztetxoentzako txin-txaunak jartzea da asmoa. Eskola orduetatik kanpo herri guztira zabalduko litzateke patioa. Eguaztenean osoko bilkuran aho batez onartu zuten proiektua eta guztira 522.049 euroko aurrekontua edukiko luke. Proiektua bi fasetan egingo litzateke: Lehenengo fasean, patio berria atondu gura du Udalak, eta bertan, 450 metro karratuko espazio estali bat jarri. Horretarako, Espainiako Gobernuak ematen duen tokiko inbertsinoetarako diru-laguntza eskatuko du hilaren amaieran. Bigarren fasean, lehen faseko hobekuntzak egin eta eskola barruan "txapela" izenez ezagutzen den patioa konpondu gura du Udalak. Diru-laguntzaren eskaera egin, eta erantzuna laster jasoko dutela espero du Berrizko Udalak. Lanok udaberrian hasiko direla aurreikusi dute, eta Gabonetarako obra amaituta egotea da asmoa.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!