Sarriako auzo eskola izan zena konpondu egingo dute

Anboto 2010ko urt. 11a, 09:21

Teilatua konpondu eta barrualdea saneatzeko lanak hasiko dira laster Sarriako eskola zaharrean.

Teilatua konpondu eta barrualdea saneatzeko lanak hasiko dira laster Sarriako eskola zaharrean. Fase bitan egingo diren lanetan, lehengo auzo eskola konpondu eta interpretazio zentro bat atontzeko asmoa dauka Udalak. Uraren inguruko interpretazio zentroa izango litzateke, eta urak Berrizen izan duen erabilera izango luke oinarri. Sarria errekako uraren indarra aprobetxatuta, Berrizen hiru argindar-etxe, bost errota eta ola bat egon direla gogoratu du Jabier Azpitarte alkateak. Errekako ur hori zelan aprobetxatu izan den erakusteko atonduko dute eskola zaharra. Horrez gainera, herriko ibilbide txikien inguruko informazioa ere emango litzatekeela eta nekazal turismoarekin lotura izango lukeela aurreratu du alkateak. Oraindino ez dago egitasmoa finkatuta, baina auzo eskola izandakoa konpontzeko lanak laster hasiko dituzte. Datorren astean teilatua konpondu eta barrua saneatzeko lehiaketa publikorako plegoak prest izatea aurreikusi dute. Lehenengo fase horretarako diru-atala 33.000 eurokoa izango da. Proiektua 2010 eta 2011 urteetan burutzea da Udalaren asmoa, eta, guztira, 130.000 euro inguruko gastua izango litzakeela kalkulatu du Berrizko Udalak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!