Eguenetik, berriztar denek edan dezakete sare orokorreko ura

Anboto 2009ko aza. 19a, 16:20

Ikerketek erakutsi dutenez, kutsatutako ura Betzuen eta Oka arteko hoditerian dago non edo non. Puntu horretan jasotako laginek baimendutako kopurua “askogatik” gainditzen dute, alkateak jakinarazi duenez.

Osasun Sailak eta Udalak eguen arratsaldean baimendu zien sare orokorreko ura edatea orain aste bitik debekatuta zeukaten Berrizko biztanleen erdiei. Kutsaduraren sorburua guztiz identifikatuta dago, eta, eremu hartako emaria moztu eta deposituak eta hodieriak garbitu ondoren, beste iturburu batzuetatik bideratu dute ura. Hala ere, auzia ez da amaitu Udalarentzat: “Zergatia jakin arte ikertzen jarraituko dugu”, adierazi du Jabier Azpitarte alkateak.

azala_351.jpgIkerketek erakutsi dutenez, kutsatutako ura Betzuen eta Oka arteko hoditerian (kilometro bat ingurukoa) dago non edo non. Puntu horretan jasotako laginek baimendutako kopurua “askogatik” gainditzen dute, alkateak jakinarazi duenez. Oiztik Betzuenerainoko kilometro bietako datuek ere positibo ematen dute, baina askoz maila baxuagoan.

Orain pare bat egun utzi zuten sareko puntu hori, eta beste gune batzuetatik hasi ziren ura bideratzen. Harrezkero, egunero analizatu dute ura. Martitzenean, tren geltoki inguruko datuak onak izan ziren; Udaletxe inguruko laginek baimendutako kopurua apur bategatik gainditzen zuten. Eguazteneko eta egueneko emaitzak puntu bietan ontzat eman dituzte.

Kutsaduraren arrazoiak jakiten direnean, horri buruzko zein “Udalak kontu honetan izan duen gestioaren gaineko argibideak emateko” herri-batzarra deitzea proposatu zuen Karmen Amezua zinegotziak atzoko udalbatzarrean. Azpitartek komunikatu bat ateratzeko asmoa bazegoela azaldu zuen, baina, egoki iritziz gero, biak egin daitezkeela.

Berriztarren artean kutsaduraren jatorriaz zurrumurruak sortu dira. Alkateak dionez, baina, sorburua Berrizburun zegoen zabortegia izatea “ezinezkoa da; positibo eman duten gunetik oso urrin dago”. Egur mozketek eragindakoa izatea be ez dago argi: “Sustantzia kutsagarriak beroa behar du uretan disolbatzeko”. Eragilea gasolina edo gasoleo izatea ere “ia guztiz baztertu” ei dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!