Betzuengo iturburuan du sorburua kutsadurak

Anboto 2009ko aza. 6a, 14:35

Gaur identifikatu dute kutsatutako uraren sorburua: Betzuengo iturburua. Segituan, ur hornidura hori moztu egin dute eta gainerako iturburuetatik hasi dira herria hornitzen. Jabier Azpitarte alkateak, “asteburu honetan normaltasunera bueltatzea” itxaroten du, Osasun Sailaren oniritziarekin.

Gaur identifikatu dute kutsatutako uraren sorburua: Betzuengo iturburua. Segituan, ur hornidura hori moztu egin dabe eta gainerako iturburuetatik hasi dira herria hornitzen. Jabier Azpitarte alkateak, “asteburu honetan normaltasunera bueltatzea” itxaroten du, Osasun Sailaren  oniritziarekin. Udalak ahalik eta arinen ur hornidura berrezartzea du helburu nagusi, baina, horrez gainera, “kutsaduraren arrazoia jakin gura dugu; zerk eragin duen eta zergatik sortu den”. Aurreratu dutenez, Betzuengo sareko berriztea “datorren urteko inbertsioetan lehentasuna” izango da.

Joan zen barikuan, asteroko prozedura jarraituz, Udalak ur sareko hainbat tokitan hartutako laginak bidali zizkion Ongizate Sailari. Horrek barikuan jakinarazi zien hidrokarburo aromatiko poliziklikoen kantitatea araututakotik gora zegoela; gehienez litroko 0,010 dago araututa eta 0,053koa zen. Berehala, herritarrei jakinarazi zieten ura ez zela edangarria eta sukaldatzeko ere ezin zela erabili: “Biztanleendako arriskutsua zen galdetuta, ezetz esan ziguten, eta berdin ganaduari buruz galdetuta ere”. Hala ere, prebentzio moduan berehala zabaldu zuten ura edateko debekua herritarren artean.

Hornidura bermatzen

Horrekin batera, ur hornidura ahalik eta herritar gehienei bermatzeko neurriak hartu zituzten. Murgoitio auzoak Mañaria-Ermua saretik jasotzen du ura. Era berean, Murgoitioko sarea eta Matzagako depositua lotuta daude. Lehenengotik bigarrenera bideratu zuten ura, eta horregatik trenbidetik beherakoek ur edangarria izan dute asteon.

Segidan, kutsatutako uraren jatorria aurkitzeari ekin zioten. Berrizek hiru hornidura sare dauzka. Hegoaldean bat, Mañaritik Ermuara doana, eta iparraldean bi: Oiz mendiko ur-bilketak, eta Oiz barreneko iturburuak. Asteburuan egindako azterketek Oiz mendiko urak araututako kantitatearen barruan zeudela erakutsi zuten. Beraz, astelehen iluntzean bertan, Sarrian, Andikoan eta Besoitan ura edatea baimendu zuten.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!