Atzemandako akatsak bideratzeko neurriak hartu ditu Udalak

Anboto 2009ko urr. 30a, 14:12

Enpresa eraikitzaileak lokalaren kontrol termikoa bermatuko duten neurri isolatu edo aldiberekoak proposatu ditu. Udalak, orain, "proposamenak aztertu eta egokienak instalatuko ditu".

Haur Eskolako gurasoek agertutako ardura eta kexak aztertu ondoren, Berrizko Udalak konponbiderako neurri berriak hartu dituela jakinarazi dute, baita gurasoak informatu dituela ere.

Eguzkilore Haur Eskola eraikitzeko Haurreskola Patzuergoak honelako ikastetxeetarako egindako programa funtzionala bete zela azpimarratu du Udalak. Irailean ateak zabaldu aurretik, Haurreskola Patzuergoak azpiegitura ikuskatu zuen.

Eraikinaren egokitasuna bermatzeko egin diren lehen ikuskaritzetan jolas gunean tenperatura altuak antzeman ziren eta Berrizko Udaleko Hirigintza Batzordeak obra zuzendaritzari eremua aireztatzeko eta barruko tenperatura murrizteko beharrezko protokoloa zehazteko eskatu zion. 

Diseinatutako protokoloaren arabera, eraikinaren proiektuan aurreikusi zen aireztapenarekin nahikoa litzateke arazoa konpontzeko. Baina gainetiko neurriak ere hartzea erabaki du Udalak. Enpresa eraikitzaileak lokalaren kontrol termikoa bermatuko duten neurri isolatu edo aldiberekoak  proposatu ditu. Udalak, orain, "proposamenak aztertu eta egokienak instalatuko ditu". 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!