Udalak oraintsu jaso du bere garaian Lurralde Zati Egitasmoari egindako alegazioen erantzuna. Herriguneko trafikoa arinduko luken saihesbideari ondo deritzo Aldundiak, baina ez dute trazaturik zehaztu; hori behin betiko planean jasoko dutela diote. Trena lurperatzea ere begi onekin ikusi dute; azkenik, alegazio nagusienekin amaitzeko, A-8 autopista mugitzeko proposamenari ezetz esan diote, ekonomikoki zein ingurugiroari begira kostu handiegia litzatekelako.
Saihesbideari dagokionez, Aldundiaren erantzunak “autobidearen beste aldetik joango litzatekeen bat” jasotzen du, gehiago zehaztu barik. Horregatik, “Aldundiari eskatu diogu etorri dadila tekniko bat argibideak ematen, herritarrei ez bada, gutxienez, zinegotzioi”, azaldu du Gorka Camara zinegotziak.
Trenbidea lurperatzeari buruz, Aldundiak proposamena berretsi du. Trenbidea lurperatuz gero, institutu inguruan irtengo litzake —orain egiten duen bihurgunea kenduta— eta, ondorioz, geltokia hara tokialdatu beharko lukete.
Erdigunearen beharra
Errepideek eta trenak zonaldea peatonalizatuz herrian erdigune bat sortzea eragozten dute. Horren inguruan osatu zituen alegazioak ezker abertzaleak. Herri-batzarrean zein hirigintza batzordean harrera ona izan zuten. Ondorioz, hirigintza batzordetik alegazioak bateratu zituzten, gero Aldundira bidaltzeko.