Haurreskolan zer neurri hartu erabakitzeko batzartu dira

Anboto 2009ko urr. 22a, 10:34

Alternatibak hainbat izan daitezke, baina oinarri batetik abiatuta. Eraikina kanpoko argia eta berotasuna aprobetxatzeko diseinatuta dago, eta, beraz, aldagarri hori aintzat hartzea ezinbestekoa da.

Haurtzaindegiko gabezien gainean berba egiteko, baina, batez be, hotz-bero kontraste handiegiaren arazoari aurre zelan egin erabakitzeko batzartu ziren udal arduradunak, beiratea ipini duen enpresa, enpresa eraikitzailea, obrako zuzendaria eta udaletxeko teknikariak joan zen aste amaieran. Han erabakitakoaren arabera, egoera baloratzen hasi dira: zer egin, erabakitakoa gauzatzeko zenbat denbora beharko litzatekeen aztertu, eta zer aurrekontu izango lukeen. Berriro ahal bezain laster batzeko asmoa daukate, baina “gauzak ez ditugu arrapaladan egin gura”, zehaztu du Jabier Azpitarte alkateak: “Badakigu zenbat eta arinago egin hobeto dela, baina ez dugu presaka ibili behar; erabaki zuzenak hartu gura ditugu, eta horretarako dena  behar den moduan aztertu beharra dago”.

Alternatibak hainbat izan daitezke, baina oinarri batetik abiatuta. Eraikina kanpoko argia eta berotasuna aprobetxatzeko diseinatuta dago, eta, beraz, aldagarri hori aintzat hartzea ezinbestekoa da: “Behar bada klimatizagailua ipiniko dugu, baina, jasangarritasunaren aldetik, ez doguna gura da arazoa konpontzeko sistema bakarra hori izatea”.

Hezitzaileekin batzarra

Bestalde, oraindino eguna eta ordua zehaztu barik dauden arren, datorren astean haurreskolako hezitzaileekin eta Haurtzaindegien Partzuergoko ordezkariekin batzartzen saiatuko dira udal ordezkariak.  
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!