Lapurretek kezka eragin dute herriko dendetan

Anboto 2009ko mar. 5a, 15:55

Aspaldi luzean herriko hainbat denda eta tabernatan lapurretak egin dituzte. Gainera, horietako batzuetan sarritan sartu izan dira. Kasurik gehienetan gauez sartu dira, barruan inor ez zela. Baina dendariak edo tabernariak barruan zeudela ere gertatu dira lapurretak, herritarren artean kezka areagotuz.

Aspaldi luzean herriko hainbat denda eta tabernatan lapurretak  egin dituzte. Gainera, horietako batzuetan sarritan sartu izan dira. Kasurik gehienetan  gauez sartu dira, barruan inor ez zela. Baina dendariak edo tabernariak barruan zeudela ere gertatu dira lapurretak, herritarren artean kezka areagotuz.

Joan zen astean Salki dendan lapurtu zuten. Zerrenda luzeko azken adibidea da. Etxebarria estankoan birritan lapurtu dute (iazko urrian eta azaroan). Bietan lehenengoa izan zen okerrena.  Eskaparatea apurtu, barrura sartu eta tabako kaxak eraman zituzten. Tabako kaxa asko. Erabili zuten furgoneta ere lapurtutakoa zen. Txiki txiki dendan taktika “landuagoa” erabili zuten joan zen asteko asteartean: hiru lagun sartu ziren dendan, eta bik dendariaren arreta eurenganatzen zuten bitartean hirugarrenak arropak gorde zituen beroki barruan.

Ondoan dagoen Ustekabeak denetariko dendan hainbat bider saiatu dira lapurtzen, baina ez dute lortu. Inguruan dago Ama Lur liburudenda ere, eta horra sarritan sartu dira; sei-zazpi bider. Ertzaintzaren gomendioa jarraituz, jabeak beti uzten du kaxa erregistratzailea zabalik, diru xehe apur batekin. Horrela, ez dute beste ezer lapurtzen. Uribe elkartean eta Berrizburu futbol-zelaian ere sartu dira. Futbol-zelaian, tabernako telebista eraman zuten.

Tabernak

Tabernak ere ez daude salbu. Inauterietako astelehenean jabea barruan zela sartu ziren Guzur tabernan; burua estalita eta eskuan arma bat zeraman lapurrak. Jabea ohartu zen arma fogeozkoa zela, eta lapurrak alde egin behar izan zuen. Gau berean sartu ziren Toki Onan ere; aurretik ere saiatu ziren, lortu barik. Azkenik, Makarro tabernan ez zuten sartzerik lortu, gaur hamabost. Atea eta leihoko hesiak bortxatzen zebiltzala auzokoen oihuek ikaratuta alde egin zuten.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!