Herri bideetako trafikoa arautzeko ordenantza onartuta

Anboto 2008ko abe. 11a, 13:08

Gai asko izan zituen eguazten arratsaldeko udalbatzarrak. Besteak beste, hiriko bide publikoetan trafikoa, erabilerak eta segurtasuna arautzen dituen ordenantza onartu zuten, aho batez. Ordenantzak txarto aparkatutako ibilgailuei eragingo diote, besteak beste

Gai asko izan zituen eguazten arratsaldeko udalbatzarrak. Besteak beste, hiriko bide publikoetan trafikoa, erabilerak eta segurtasuna arautzen dituen ordenantza onartu zuten, aho batez. Ordenantzak txarto aparkatutako ibilgailuei eragingo diote, besteak beste.

Orain arte, txarto aparkatuta zeuden ibilgailuei –bigarren ilaran lau argiekin zeudenei, esaterako– oharrak bakarrik ipintzen zizkieten. Otsailaren hasieratik aurrera, isunak jarriko dizkiete. Beraz, hobe hemendik aurrera kotxea horretara bideratutako tokietan uztea.

Bestalde, Udaleko langileen 2008/2010 Udalhitzeko hitzarmena be onartu zuten EAJren botoekin. Ezker abertzaleak testu horri zuzenketa bi proposatu zizkion, onartu ez zirenak. Batetik, hitzarmena urtero-urtero errebisatzea. Bestetik, soldaten urteko igoera KPIa gehi %1ekoa izatea jasotzen du hitzarmenak. Karmen Amezuak proposatu zuen %1 horren igoera lineala izatea: “Bestela, gehien eta gutxien kobratzen dutenen aldea urterik urtera handitzen doa. Justuagoa dela uste dugu”.

Jabier Azpitarteren esanetan, “Udalhitz EUDEL eta sindikatuek adostuta dago; gainera, neurri horrek etorkizunean desorekak eta arazoak sortzen ditu”. Horren adibide batzuk eman zituen.

Eguaztenean  aho batez onartu zuten beste ordenantza bat oinezkoei zuzendutako laguntzak erregulatzen dituena izan zen. Orain arte, norbait udaletxera joan, bertakoa ez zela eta etxerik ez zuela esanez gero, 20 euro ematen zitzaizkion joaten zen bakoitzean. 20 euro horiek, teorian, jatekoa eta garraio publikoa ordaintzeko ziren. Edonork nahi beste alditan eskatu zezakeela-eta hori arautzen  duen ordenantza onartu zuten. Orain, gorago aipatutako perfilaren barruan sartzen direnei 5 euroko creditransa emango zaie garraio publikoa hartzeko eta  baita txartel bat ere, herriko tabernetan ogitartekoa eta ura hartzeko balioko diena. Behin egin ahalko da eskaera, eskatzaileak  identifikatu egingo dituzte-eta.

Idi-probak

Galdera eta eskaeren azkeneko puntuan hiru-lau gairen gaineko azalpenak eskatu ziren. Batetik, iaz urtarrileko San Antonio jaietan  idi-proben inguruan eztabaida sortu zen. Ezker abertzaleko  zinegotziek  esan zuten idi-proben ordura arteko eskema egokia ote zen. Idi-probak egon behar ziren, edo kendu egin behar ziren, edo beste eredu bat hartu beharko zen: erakustaldiak, esaterako.  Horretarako berandu zela-eta eztabaida aurtengo utzi zuten. Aurten, ordea, Karmen Amezua udaletxeko teknikoarekin hitz egitera joan zenean azaldu zion nekazal azoka ezingo zela asteburu horretan antolatu, idi-probak zeudelako. Amezuak  alkateari galdetu zion ea zergatik ez zen hori Jai Batzordean eztabaidatu. Jabier Azpitartek azaldu zuen, urtero egiten den legez, bandoa atera zutela herriko talde eta elkarte guztiei jaietako ekarpenak egiteko epea zabalik zegoela adieraziz . Horixe zela guztia, urteroko prozedura berdina jarraitu zutela, baina dena dela, oraindik ez zegoela  ekitaldiak noiz izango ziren zehaztuta .

Beste gai bat Udalera bidalitako idatzi biren ingurukoa izan zen. Lan-poltsak osatzeko azterketak euskaraz eta gazteleraz egiteko aukera zegoen. Herritar batek, ordea, udaletxera idatzi bat bidali zuen –urriaren 23an- esanez, azterketa euskaraz egiteko modurik ez zuela izan. Udaletik azterketa egiteko beste egun bat jarri zioten. Lagun berak bigarren idatzi batean –abenduaren 6koa-  zehazten zuenez,  azterketan informatikako programa bat gazteleraz bakarrik zegoen eta han zegoen arduradunak ere ez zekien euskaraz. Horren gainean galdetu zion Karmen Amezuak alkateari. Honek erantzun zion goiz hartan bertan irakurri zuela gutuna eta batzar bat eskatuko zuela lagun harekin barkamena eskatu eta kontuak argitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!