Herriko gazteen parte-hartzea bultzatu guran 2006. urtean diagnosia egin zuten. Gazteekin hainbat batzar egin ondoren bi ondorio nagusi eta bi lan ildo ezarri zituzten: lokal bat atontzea eta gazteek ere herriko giroan eragitea. Lokal hori da martxan jarri berri duten Gaztelekua.
Uda aurrean gazteek erabaki zuten lokala zelan txukundu. Gaztelekuak bi solairu ditu. Lehenengoan, joko-mahaiak (futbolina, billar-a, eta diana) daude, sofa batzuk eta baita dantza-makina ere. Bigarrenean, berriz, ordenagailuak izango dira internet konexioarekin. Wiia ere izango da eta filme emanaldietarako gela ere bai.
Gaztelekuaren ordutegia honako hau da:
Ostirala, 17:00 – 21:00
Larunbata, 11:00 – 14:00 eta 17:00 – 21:00
Igandea, 11:00 – 14:00
Momentuz 44 gazteren datuak jaso dituzte. Hala ere, bataz beste, 15-20 gaztek erabiltzen dute. Adinari dagokionez, 12tik 18 urtera arteko gazteei dago zabalik.
Herriko giroan eragitea
Herrian egiten diren ekintzetan gazteak ere kontuan hartzea, eta gazteak eurak ere herriko ekitaldi, lan-talde etabarretan parte aktiboa izatea da Gaztelekuaren helburua.
2006. urtetik parte-hartze prozesua sustatzeko ekimen honetan, Elkarlanerako batzordea lanean ibili da. Gazteekin batera, udal ordezkariek (politikoak eta teknikariak) parte hartu dute batzorde horretan. Behin lokala atonduta, orain, prozesuak Elkarlanerako Batzordearekin jarraituko du. Pauso bat aurrerago emateko, Berrizko beste eragile batzuen parte-hartzea bultzatu gura dute.