Abendura arteko kultur programazio oparoa

Anboto 2008ko ira. 25a, 10:31

Irailaren bukaerarako, urrirako, azarorako eta abendurako, 20 ikuskizun baino gehiago jasoko dituen kultur programazio oparoa izango da Berrizko Kultur Etxean.

Joan zen martxoan inauguratutako Kultur Etxea ikasturte berrian beteko duen kultur programazio zabala zehaztu dute Berrizen. Irailaren bukaerarako, urrirako, azarorako eta abendurako, 20 ikuskizun baino gehiago jasoko dituen kultur programazio oparoa izango da Berrizko Kultur Etxean.

Informazio liburuxka
Datozen hilabeteetan izango diren ikuskizun guztien informazioa landuko duen liburuxka argitaratu du Udalak lehenengoz. Hiruhilabetekaria izango da eta dohainik banatuko dute Kultur Etxeko ekitaldietara datozenen artean.

Mota guztietako ikuskizunak izango dira abendura arte Berrizko Kultur Etxea betetzeko, baina adin tarte batzuentzat bereziki prestatutako proposamenak ere izango dira: ikusle gazteei zuzendutako programazio berezia osatuko dute asteroko zine eta antzerki emanaldiarekin. Zinea domeketan 17:00etan izango da, eta bariku arratsaldeetan antzerkia.

Helduentzako antzezlanei dagokienez, aurtengo Max Saria irabazi duen La Quintana Teatro-ren Desde lo invisible eta Organik taldearen Lilas ikuskizunak nabarmendu beharrekoak dira.

Robin eta Hood, Altxor bat patrikan, Markeliñeren Txitxarra eta Inurria, Handitan, Batuta, Magia teilatuan, eta Zer duzu, negarrez, Marie? antzezlanak izango dira, besteak beste.
Helduentzako aproposak Txalo Produkzioen Sommer jaunaren istorioa eta Grönholm metodoa eta Bikoteatroaren Larru Haizetara umore ukitu handia duen lana izango dira.

Musikari dagokionez, Ruper Ordorika azaroaren 29an izango da Berrizen, betiko kantak eta Hamar t’erdietan diskoko kantak eskainiz. Azaroaren 30 eta 31n Oreka TX txalapartarien karpa ibiltaria izango da Olakueta plazan, eta 22:00etan hogei urteotan sortutako abestiak eskainiko ditu Mikel Markezek. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!