Bizileku hutsen alokairua arintzeko hitzarmena

Anboto 2008ko ira. 25a, 10:16

Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sinatu dute asteon; hitzarmena sinatu duen 26. herria da Berriz

Berrizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebitza eta Gizarte Gaietarako Sailak Bizigune programari dagokion hitzarmena sinatu zuten atzo. Berrizen 150 etxebizitza huts daude, gutxi gorabehera. Etxebiden izena emanda, Biziguneren bitartez Berrizen alokairuko etxebizitza eskatzen dutenen kopurua 237 lagunekoa da. Orain arte bost akordio itxi dira jabedunekin. Jabier Madrazo Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailburuak Udalaren inplikazioak “efektu biderkatzailea” izango duela uste dau.

Hitzarmenarekin Udalak parte-hartze zuzena izango du. Udalaren aldetik hartutako konpromisoak lau puntutan batzen dira. Lehenengo eta behin, hutsik dauden etxebizitzen errolda egingo dute, Bizigune merkataritza-lan proaktiboa egiten hasi dadin.

Bigarren puntua tramitazioetan udal-langileek parte hartzea da; harrera-eskaera bat tramitatzerakoan edo esleipendun bati etxebizitza bat erakusterakoan, esaterako.

Hirugarren puntua informazioren zabalkundeari dagokio. Eusko Jaurlaritzak kanpaina orokorrak egiten ditu, Euskal Autonomia Erkidego osorakoak, baina tokian tokikoak ere oso eraginkorrak izan daitezke.

Laugarren puntuak jasotzen duenez, azkenik, Udalak bonifikazioak emango ditu; esaterako, %50eko hobaria Ondasun Higizinen gaineko Zergan.

Etxebizitza Sailak, bere aldetik, sinatu duen udalerriekin kudeaketa-eremu bateratua ezarriko du (inprimakiak, tasazinoak, epeak…); kontratuak kudeatuko ditu, eta, herritarren arreta eta etxebizitza hutsak mobilizatzeko ekintzak koordinatuko ditu. Berriz kontuan hartuta, 26 herrik sinatu dute dagoeneko  hitzarmen hori; tartean Durango ere badago.  
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!