Azaroan zehar hasiko ditue haurreskolako lanak

Anboto 2008ko ira. 19a, 10:58

Udaletxe zaharraren pareko lur zatian kokatuko dabe eraikin barria. Lanak zein enpresari eman datorren aste hasieran erabakiko dute.

Joan zen astean amaitu zen Berrizko haurreskola berrirako proiektuak aurkezteko epea. Lanak esleitu eta beharrezko denpora tarteak errespetatuta, azken orduko atzerapenen bat gertatu ezean,  haurreskola berria eraikitzen azaroan hasiko direla espero du Berrizko Udalak.

Guztira, zazpi enpresak agertu dute interesa. Orain, eskuartean dituzten proiektuetatik bat aukeratzea egokitzen zaio Udalari. Izan ere, proiektu guztiek  zuzen betetzen dituzte eskatutako baldintzak. Asteon –datorren aste hasieran beranduen ere– hartuko dute erabakia, Jabier Azpitarte alkateak jakinarazi duenez. Ondoren, gutxi gorabehera hilabeteko epea emango dute erreklamazioak aurkeztu ahal izateko, fidantza zehazteko, kontratua sinatzeko eta beharrezko gainerako tramiteak gauzatzeko. Horiek amaitutakoan hasiko lirateke obrak, eta hamar hilabeteko epea edukiko lukete proiektua osatzeko.

Haurreskola udaletxe zaharraren aurrean dagoen lur zatian eraikiko dute. Guztira, 1.031.000 euroko aurrekontua prestatu dute lanak gauzatu daitezen. Horiei, bestelako gastuak ere gehitu behar zaizkio; proiektua idazteko egin behar diren lan guztiak, esate baterako.

Haurreskola 0-2 urte bitarteko umetxoentzat izango da. Gaur egun, ume horiek eskolako gela bitan batuta daude. Toki hori ez da nahikoa. Haurreskola berrian egoki hornitutako lau gela edukiko dituzte.   
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!