Frankismoaren biktimak oroituko ditue hilaren 11n

Anboto 2008ko ira. 4a, 14:00

Berrizek ere badu bere historia tristea Frankismo garaiarekin. Fusilatuak, kartzelan gaixorik hildakoak… Sufrimendua ugari. Horiek gogoratuko dituzte datorren eguenean egun osoan zehar antolatutako ekitaldietan.

Datorren eguena, hilaren 11, gomuta eguna izango da Berrizen. 1937an, egun berean, orduko Berrizko alkate Felipe Urtiaga eta Jose Agirre herritarra fusilatu zituzten indar frankistek. Azken bera izan zuten Gregorio Urkijok eta Fermin Arangurenek ere; azken horrek Asturiasen. Agustin Milikuak kartzelan eta gaixorik eman zuen azkenengo hatsa. Horiek eta, oro har, frankismoa sufritu zuten lagunak omendu eta gogoratzeko ekitaldi sorta antolatu dute Berriz 1936 Gogoratzen kultur elkarteak, Gerediaga elkarteak eta Berrizko Udalak.

Egun osoan zehar antolatu dituzte ekitaldiak. Eguerdian, 12:00etan, biktimei gorazarrea egingo diete Udaletxean. Hainbat ordezkari eta agintariren hitzak gomuta kolektiborako gonbita izango dira. Ondoren, ekitaldira bereziki gonbidatutako 33 familiari, diktadura garaiko euren senitartekoei buruz aurkitutako dokumentuen kopiak emango dizkiete: espedienteak, sententziak… Informazio hori CDan ere jasoko dute. “Lehenago ez genekien inolako paperik bazegoenik ere. Arakatzen arakatzen, informazioa agertu da eta konpromiso legez ikusten genuen aurkitutakoa zegokien familiei helaraztea”, azaldu du Berriz 1936 Gogoratzen kultur elkarteko lehendakari Maite Arrizabalagak. “Lagun batzuei buruz dokumentu asko dago, beste batzuei buruz zeozertxo baino ez. Dagoena banatuko dugu”.

Amurizaren eta Etxeren abestia


Dantzarien jardunaren ondoren, Etxe musikariak eta Xabier Amuriza idazleak beren beregi egun horretarako sortutako abestia entzungai izango da. Hau dino abestiko ahapaldi bateak: Familiak apurtu ziren / Herritarrak herritarren hondatzaile / Gu euren jarraipen / Garena gara eurak izan zirelako. Familiei abesti horren CDa ere emango zaie.

Markesaren parkean eta bazkariaren bueltan batu aurretik, bada beste ekitaldi esanguratsu bat. Udaletxearen aurreko parkea goitik behera zeharkatzen duen bidea ‘Oroimenaren Bidea’ izendatuko dute.

Arratsaldeko ekitaldiak herriko gune nagusian garatuko dira. 18:00etan, Felipe Urtiaga enparantzan dagoen monolitoari lore eskaintza egingo diote. Segidan, Kultur Etxean Frankismoaren Errepresioa Berrizen izeneko erakusketa inauguratuko dute. Dokumentu originalekin, gauza pertsonalekin, udaletxeko sasoiko aktekin eta bestelako artikuluekin eratu dute hilabetean ikusgai izango den erakusketa; 18:30etik 20:30era astegunetan, eta 11:30etik 13:30era zapatuan.

Testigantzak eta fusilatuen gutunak


Kultur Etxean bertan izango dira azkenengo ekitaldiak ere. Argazkien bitartez, 1937ko uda gogoratuko dute; fusilamenduen urtaroa, hain zuzen ere. Ondoren, bideo-lan labur batean, Berriz ebakuatu behar izan zuten sasoia zelan bizi izan zuten kontatuko digute lau herritarrek. Hiru fusilatuek ere kontatuko dizkigute euren orduko bizipenak. Hiru fusilatuek, bai. Euren burutazioak gutunetan idatzita itzi zituzten eta horietako batzuk gaur egunera iritsi dira, zorionez. Familien oniritziarekin, testigantza pertsonal horiek ezagutu ahal izango ditugu.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!