Zabortegiko lurretan kirol eta aisialdi gunea eraikiko dute

Anboto 2008ko abu. 28a, 13:52

Berrizburuko hondakin industrialen zabortegia kirol eta aisialdi gune bihurtu gura du Udalak. Urtarriletik itxita dagoen hondakindegia berreskuratzeko, Garbiker enpresak lurra botatzen dihardu. Lan horietarako Erralde hiltegiko urbanizazio lanetan soberan izango den lurra ere aprobetxatuko dute.

BERRIZKOZABORTEGIA.jpgBerrizburuko hondakin industrialen zabortegia kirol eta aisialdi gune bihurtu gura du Udalak. Urtarriletik itxita dagoen hondakindegia berreskuratzeko, Garbiker enpresak lurra botatzen dihardu. Lan horietarako Erralde hiltegiko urbanizazio lanetan soberan izango den lurra ere aprobetxatuko dute.

74.800 metro koadroko espazioan lau zonalde egokituko dituzte.  Herri kirolen gunea proiektu honen erdigunean kokatuko da. Iparraldeko estiloko frontoi bi, bi paretetako beste frontoi bat, probalekua, bolatokia, trontzarako gunea eta beste hainbat kiroletan jarduteko lekua prestatuko dute.  Gaur egun belodromoa eta futbol zelaia dauden aldamenean, aparkalekuaz gainera, komunak eta biltegia eraikiko dituzte.

Berdegunean oinezkoentzako ibilbidea egokituko dute bidea azkarrago egiteko bidezidorrekin, eta, nagusientzako ibilbidean, berriz, ariketa fisikoa egiteko makinak erabiltzeko aukera izango da. Ume eta gaztetxoek eurentzako diseinatutako jokoetan parte hartu ahal izango dute.
Jabier Azpitarte alkateak jakitera eman duenez, “zonalde honetatik Durangaldeko ikuspegi bikaina izango dugu”.

Garbikerrek hurrengo 30 urtean lurrak berreskuratzeko ardura izango duenez, zerbitzu bidea izango du. “Ibilbide hori bizikletentzako bidegorri legez aprobetxatuko dugu”, gaineratu du Azpitartek. San Juanak inguru honetan ospatzen direnez, proiektu honetan suak pizteko leku berezi bat izatea ere aurreikusi dute.

Aldundiaren diru-laguntza

Kirol egiturak eraikitzeko Udalak Aldundiarekin hitzarmena sinatu du. Bizkaia 21 planaren barruan 300.000 euroko diru-laguntza jasoko du. Proiektua  gauzatzeko Udalak 150.000 euro bideratuko ditu. “Zabortegia urbanizatuta, gainerako lanak 2009an zehar egitea itxaroten dugu”, dio alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!