Hiltegi berriko urbanizazio lanei epe laburrean ekingo diete

Anboto 2008ko abu. 28a, 13:47

Erralde hiltegiko urbanizazino lanak laster jarriko dituzte martxan. Baimenen tramitazio fasea gainditzea baino ez da falta lanei ekiteko. Lehenengo faseko proiektua dagoeneko lehiaketa publikoan jarri eta adjudikatuta dago.

Lurren mugimendurako une egokiena Berrizburuko zabortegiko lurren berreskurapenagaz lotuta dago. “Zabortegian lurra bota behar da eta hiltegiko proiektua, berriz, beste leku batera eraman. Bi proiektuak ondoan egonik logikoena batetik bestera eramatea da”, azaldu du Jabier Azpitarte Berrizko alkate eta Erraldeko presidenteak. Lanok negua baino lehenago martxan jartzea komeniko litzatekeela gaineratu du Azpitartek, “euriagaz lokatza sortzen da-eta”.
Urbanizazino lanak prest dagozenean eraikina egingo dute. Erraldetik jakitera eman dutenez, bigarren fase horretako proiektua uztailaren amaieratik gertu dagoen arren, lehiaketa publikoan jartzea falta da.

Hiltegiaren ezaugarriei jdagokienez, Durangokoaren ildoa jarraituko duela argitu du Azpitartek: “Durangon ganadua eta bildotsa hiltzen dira, eta Berrizen zabalduko den hiltegi barrian txerria ere hilko da”. Gainera, zabalduko dena hiltegiaren lehenengo zatia izango da. Bihar-etzi eraikinak hazteko beharra badauka, espazio aldetik arazorik ez litzatekela egongo azaldu deusku Erraldeko presidenteak. Gaur egungo hiltegiak ez bezala, Berrizkoak zatitzeko gela eta izozteko makinak izango ditu.

Durangoko hiltegiak 2009ko apirila arte martxan jarraitzeko baimena dauka. Ikusteko dago bata itxi eta bestea zabaldu arte zerbitzu horrekin zer gertatuko den. Izan be, lanen martxa ikusita, ezinezkoa izango da datorren urteko apirilerako gertu izatea.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!