Lokala: gazte planaren ondorioetako bat

Anboto 2007ko uzt. 19a, 12:31

Bi proposamen zehatz adostu dituzte hilabeteotako bileretan: batetik, gazteak elkartzeko lokal bat antolatzea; bestetik, herriko giroa hobetzen laguntzea.

Orain urte erdi abiatu zuten Gazte Plana Berrizen, eta asteon orain arteko bilera eta tailerretan eztabaidetako ondorio eta emoitzak eman dituzte argitara. Bi proposamen zehatz adostu dituzte hilabeteotako bileretan: batetik, gazteak elkartzeko lokal bat antolatzea; bestetik,  herriko giroa hobetzen laguntzea.



Udalaren ordezkari bezala Azpitarte alkateak, Elhuyar aholkularitza zentrotik Idoia Aldekoak eta Gazte Planean parte hartu duten gazteetariko lauk agerraldia egin zuten Udaletxeko areto nagusian.  Guztira, herriko 32 gaztek hartu dute parte ekimenean; 13 eta 16 urte bitartekoak denak.

Agerraldian nabarmendu dutenez, hain zuzen ere adin tarte horretako berriztarrak dira eurentzako espazio aproposik ez dutenak. Hasiera batean, 13 eta 20 urte arteko gazte guztiei parte hartzeko gonbita luzatu zieten arren, azkenean talde bakarra osatu zuten Gazte Plana garatzeko.

Azpitartek azpimarratu gura izan duenez, hilabete guztiotan gazteekin egindako lanari dagokionez helburua edo helmuga bera baino are garrantzitsuagoa izan omen da prozesua bera. Gazteen parte-hartzea sustatzeko ideiak trukatu, informazioa eman  eta gauzak sortu dituzte gazteek.

Gazte Planak, beraz, aro barria hasi behar du udako oporren ondoren. Izan ere, helburu zehatzak finkatu ditue: lokal bat lortu eta trukean herriko ekimenetan parte hartzeko konpromisoa hartzea.
Irailean, gazteek eurek adierazotakoaren arabera, Udaleko ordekariekin batzen jarraitu gura dabe, etorkizuneko gazteendako leku hori non kokatu, nola antolatu eta zelan atondu erabakitzeko. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!