Hondakin gehiago kabitzen ez delako itxiko dute Berrizko zabortegia

Anboto 2007ko ots. 1a, 13:28

Bizkaiko Aldundiak, Berriz Buruko hondakin industrialen zabortegia ixteko erabakia hartu du

Bizkaiko Aldundiak, Berriz Buruko hondakin industrialen zabortegia ixteko erabakia hartu du; Igorren zabalduko dute Berrizkoaren orain arteko papera izango duena. 1994ko apirilean zabaldu zuten zabortegian, inguruko industria-guneetako hondakinen tonakadak batu izan dira urteetan eta, dagoeneko, ez dauka zabor gehiago hartzeko gaitasunik, bete egin delako.

Zabortegia betetzen duten hondakinen gainetik lurra bota eta berriro ez erabiltzeko itxiko dute urte honen amaierarako. Joan zen urteko ekainaren 1ean, su hartu zuten zabortegian metatutako hondakinetako batzuek eta, horren ondorioz, zabortegia, badaezpadako neurri moduan, ixtea eskatu zion Udalari Bizirik talde ekologistak. Orduan, ekologistak arduratzen zituena, zabortegitik distantzia laburrera dauden eskola eta futbol-zelaiko herritarrengan eragin zitzakeen ondorio kaltegarriak ziren: euren ustez, behin su hartu bazuen berriz ere gertatu zitekeen, eta kea ekainean lez herritik aldendu beharrean haizeak hurbiltzea ere bai. Joseba Fernandez ekologistaren hitzetan, herritarren segurtasuna ezin daiteke haizearen noranzkoaren menpe utzi.

Aldundiaren erabakia ezagututa, beste bi dira Bizirikek gaur egun dituen zalantzak: Igorren egingo duten zabortegiak Berrizkoak baino baldintza egokiagoak izango ote dituen, eta Berrizen metatutako hondakin horiek inguruan zabaltzeak eragin dezaketen kaltea. Fernandezen dioenez, beharrezkoa da datozen urteetan zaborren bilakaera kontrolatzea. Gogoetarako puntua, berriz, hondakinak sortzen dituzten enpresei hondakin horien kudeaketa exijitzea da.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!