Hirigintza kontuetan irregulartasunak aurkitu ditu Kontuen Epaitegiak

Anboto 2007ko ots. 1a, 13:10

Euskal Autonomi Erkidegoko erakunde publikoen diru kontuen kudeaketa ikuskatzen duen Herri Kontuen Euskal Epaitegiak oraintsu egindako txostenak Berrizko Udalean azkenengo lau urteetan egindako hainbat obren esleipenetan irregulartasunak topatu ditu.

Euskal Autonomi Erkidegoko erakunde publikoen diru kontuen kudeaketa ikuskatzen duen Herri Kontuen Euskal Epaitegiak oraintsu egindako txostenak Berrizko Udalean azkenengo lau urteetan egindako hainbat obren esleipenetan irregulartasunak topatu ditu.

Azkenengo lau urteetan Berrizen egin diren hirigintza proiektuen ardura Susa izeneko Hirigintza Sozietate Publikoak dauka. Elkartea %100ean diru publikoarekin sortu zen 1998an, Berrizko Hirigintzako gestio guztiak bere gain hartzeko, eta babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntza sustatzeko. Hasiera batean, proiektu zehatzetarako sortutako elkarteak, gerora, proiektuen egikaritzan prozesuak bizkortu eta erraztuko zituela argudiatuta, 2002tik gaur arte lan askoren enkargua jaso dau Berrizko Udalarengandik.
Kontuen epaitegiak plazaratu dituen ondorio nagusien artean daude: proiektuak eta obra zuzendaritzarako kontratuak 1,3 milioi eurotan zuzenean esleitu izana, eta, publizitate eta lehia printzipioak urratzea. Txostenean jasotzen denez, oinarrizko azterlanak eta obra exekutatu eta zuzentzeko proiektuak enpresa bati eseitu zitzaizkion 984.000 euroan, enpresa horretako administratzaile bat udaleko aholkularia zelarik. Susak egindako lan batzuk zuzenean hitzartu zituen elkarteak; publiko egin barik eta epeak errespetatu barik, beraz, kasu batzuetan.

Udal funtzionario bati, 156.000 euroko zenbatekoarekin, exekuzio material eta segurtasun eta osasun azterlanen zuzendaritzak esleitu zitzaizkion, eta legeak dioenez, bateraezina da kargu publiko batek halako lanak egitea.

Udaletxeak halako elkarterik sortzearekin desadostasuna agertu zuen bere garaian Batasunak, eta irregulartasunak salatu eta auditoria eskatu zuen 2002an. Salaketa haren haritik dator oraingo txosten hau, eta Batasunaren izenean, Sabin Barajuenek azaldu digunez, euren alderdiari beti iruditu izan zaio “Berrizko udaleko funtzionamendu eta kudeaketa oso iluna dela”; horrexegatik aldarrikatu izan omen dute beti Susa disolbatu egin beharko litzatekeela.

Berrizko Udaletxeko gobernuak alegatu duenez, txostenean zerrendaturiko erabakiak hartzeko arrazoiak bizkortasuna eta eraginkortasuna izan dira beti, herritarrentzako zerbitzuak gehitzeko. Zerbitzu eskaintza zabalagoa gehitzeko eratu zuten bere garaian Susa, udaletxetik jakinarazi dutenez; horrexegatik egokitu zitzaizkion udaleko hirigintzari dagozkion lan gehienak elkarte horri. 2002, 2003 eta 2004 urteetan, Berriz Susak indartu du udaletxeak egoitza berria izatea, udalaren arabera; Kulur Etxea, edo Olakueta eta Urtiaga plazen zein frontoiaren berritzea ere hari esker egin direla nabarmendu du udalak. Guztiak dira udaletxearen ustez, herriaren garapenerako neurriak, eta Berrizko espazio batzuen berpiztea ekarri duten zerbitzuak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!