Herri barruko industria-lurretan ehun etxetik gora eraikiko dituzte

Anboto 2007ko urt. 11a, 13:12

Herriguneko Forja, Gaztelurrutia eta Amezua enpresen lekuan 162 etxebizitza egingo dituzte



Urteko azken eguenean, udaletxean ez ohiko bilkuran batuta, herriko erdialdeko zenbait lurzoru etxebizitzak eraikitzeko birkalifikatzea onartu zuten udal taldeko ordezkariek. Hain zuzen ere, orain arte industria arloko hainbat jardueratara bideraturiko lurzoruak dira etorkizuneko salerosketa librerako etxebizitza horien kokalekua.

Herriko erdialdean, 80 bat langile biltzen dituen Forja (burdinola) hartzen duten lurretan 100 etxebizitza egitea da asmoa. Udaletik jakinarazi digutenez, hitzartutakoaren arabera, aipaturiko langile horreek Elorrion hartuko dituzte. Halantxe adostu dutela azaldu digute, Gaztelurrutia eta Amezua enpresetan dihardutenen lanpostuak bermatuko dituztela.

Herriguneko hiru industriok gaur egun hartzen duten lurra, osotara, 162 etxebizitzek hartuko dabe urte batzuk barru. Esandako moduan, Forjatik zinema zaharrerainoko lerroan eraikiko ditue ehun etxebizitza; 40 Gaztelurrutia enpresaren lurretan; eta 22 Amezua torlojuen enpresa dagoen lekuan.

Berrizko herrigunean geratzen ziren industria jardueretara bideratutako lur apurretarikoak zirenak etxebizitza erabilerarako birkalifikatzeko, herriko hirigintza planeamenduaren Arau Subsidiarioetako zenbait puntu aldatzea onartu eben.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!