Herria biziberritzeko eta herritarren beharrak asetzeko apustua egin dute Atxondon 2024ko aurrekontuaren bidez

Anboto 2024ko ots. 14a, 10:49

Atzo arratsaldean egindako osoko bilkuran 2024ko aurrekontua onartu zuen Atxondoko Udalak, herritarrek dituzten beharrizanei erantzutea helburu duen aurrekontua dela azaldu zuten.

"Herria zaintzeko eta biziberritzeko aurrekontua izango da, bai mantentze lanetan baita kultur arloan ere", adierazi du Eneritz Agirre alkateak. Atxondok 2024an 2.100.570 euroko aurrekontua izango du, EH Bilduko bost zinegotzien aldeko bozkagaz onartutakoa, EAJko bi zinegotziek ostera aurrekontuaren kontra egin zuten.

Aurrekontuetako inbertsioei dagokienez, proiektu nagusienetakoa Apatako plazan komun publlikoa jartzea da. Lan hauetarako 25.456 euro bideratuko dituzte, eta udaletik azaldu dutenez, proiektu hau herritarrek sarritan eskatutako zerbitzua da eta jaietarako prest izatea espero dute. Bestalde, Barraskiko bigarren zatia "ondo hesi" gura du Atxondoko Udalak, "arriskua ekidin eta segurtasuna" bermatzeko. Itxitura horretarako 15.000 euro bideratuko dituzte. HAPOari dagokionez, iaz hasitako lanketarekin jarraituko dutela azaldu dute eta auzoei eta herriguneari dagokionez, batzarrak egiten jarraituko dutela gaineratu dute, herritarren beharrizanak bertartik bertara ezagutzeko.  Horrez gain, herriko hainbat bide asfaltatzeko 40.000 euro aurreikusi ditu udalak eta argiztapena hobetzeko, 30.000 euro. 

Kultura bultzatzen
Gainera, aurten ere Atxondoko Udalak kultur arloa bultzatzeko ahalegin berezia egingo duela azaldu dute. Eta horretarako, herritarrekin osatuta dagoen kultur mahaia sustatzen jarraitzeko, talde horri ematen zaion diru laguntza handituko dutela jakinarazi dute. 2.000 eurotik 8.000 eurora igoko dute kultur mahaiari emandako laguntza. 

Soberakinarekin zain
Bestalde, aurrekontuetan sartu barik gelditu diren proiektuak 2023ko soberakina jasotzerakoan erabakiko direla aurreratu du Atxondoko Udalak. Eta horretarako, prozesu parte-hartzaile bat martxan jarri nahi dutela. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!