Elkarrizketa politikoak

“Atxondon dugun erronkarik garrantzitsuena herria berpiztea da”

Jone Guenetxea 2023ko urr. 13a, 09:30

Atxondoko Udalean indar aldaketa gertatu zen maiatzaren 28ko hauteskundeetan. EH Bilduko Eneritz Agirrek (Atxondo, 1983) hartu zuen aginte makila, Xabier Azkarate jeltzalearen eskutik. Atxondok hurrengo urteetan izango dituen erronkez berba egin du alkate berriak.

Zelan daramazu alkate kargua maila pertsonalean?
Oso ondo daramat. Egundoko esperientzia izaten ari da niretzat. Atxondo beste ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera ematen dit eta herritarrekiko hartu-emana oso ona izaten ari da. Benetan aberasgarria izaten ari da niretzat.

Zelan doaz aurrekontuak?
Gauza berria da niretzat eta ikasgai latza izaten ari da. Laguntasun handia daukat inguruan, eta ziur nago lan txukuna egingo dugula. Lehenengo urte hau hankak lurrean ipintzeko garrantzitsua dela uste dut, baina baita egunetik egunera gauzak egiteko momentua ere.

Zeintzuk dira lau urte hauetarako proiektu eta erronka nagusiak?
Hainbat dira proiektu eta erronka horiek, baina garrantzitsuena herria berpiztea da. Horretan gabiltza, eta herritarrengandik jasotzen gabiltzan babesa eta beharra egiteko gogoa txalogarria da. Proiektu eta erronka batzuk aipatzekotan, hauetxek: Plan Orokorra legegintzaldi honetan gauzatzea, Barraskiko auzoan daukagun arazoa desblokeatzea, eta Apatako plazaren bigarren fasea aurrera eramatea; hau da peatonalizatzea eta topagune bihurtzea. Era berean, gure auzo eta auzotarrei behar duten arreta eta laguntza ematea, eta abar.

AHTaren inguruan zein interpretazio egiten duzue?
Azken 4 urteetan asko aurreratu dituzte lanak. Hemendik aurrera, gu gainean egongo gara, hartu-eman zuzena daukagu bertako kontratistekin, eta edozein mugimendu sumatu edo ikusten dugunean telefono dei bat egiten dugu azalpenak eta informazioa eskatzeko. Gure lanik garrantzitsuena herritarrak babestea da, eta horretan gabiltza.

Zer gertatzen da bidegorriagaz bazterbiderik ez dagoen tartean?
Bidegorria itxita dago aste bitartean, obren lanengaitik, baina kontratistekin hartu-emanean gaudenez, guztiz ez iztea eta asteburuetan zabalik mantentzea lortu dugu. Bazterbidearen kontua Bizkaiko Foru Aldundiarena da, bide hori berea da eta. Hainbat proposamen pasatu diogu alternatiba legez zati horretan egiteko, baina eman diguten erantzuna oso eskasa izan da. Behin-behineko espaloi bat egitea eta semaforoz kudeatzea zen alternatiba horietariko bat, baina oraindino ez dugu erantzunik jaso. Zati hori guzti hori Aldundiarena da eta guk ezer gutxi egin dezakegu bertatik igarotzen diren ibiltarien babesa bermatzeko. Hala ere, borrokan jarraituko dugu babes hori lortzeko.

Aurreko legegintzaldian Harrera Taldeak itxialdia egin zuen udaletxeko atarian. Zein da migratzaileen egoera gaur egun? Zein interpretazio egiten duzue?
Harrera Taldeak Axpen du bere etxea, eta udalak babestu egingo du. Oso hartu-eman ona eta zuzena dugu elkarregaz, eta gogo eta asmo sendoa dugu gauzak aurrera eramateko. Hitzarmen baten lanketan gabiltza eta datorren urtera begira etxebizitzan obra batzuk egiteko asmoa dugu.

Jantokiko sukaldeak ere zeresan handia eman du. Zein egoeratan dago proiektu hori?
Bai, zeresan handia eman du herrian. Asko borrokatu da sukalde bat izateko, eta lan horiek guztiek bere emaitzak izaten ari dira. Sukaldeko obrak oso aurreratuta daude dagoeneko. Oraindino jatekoa kozinatuta ekartzen dute, baina bertan kozinatzeko aukera egongo da laster. Obra horiekin batera hainbat gela txukundu eta egin dira, eta horiek ere euren forma hartzen dabiltza. Dena ondo badoa, urri amaierarako amaituta egotea aurreikusten dugu.

Igerilekuan defizientziak zeuden. Zein da egoera gaur egun?
Igerilekuan hainbat berrikuntza egin zen uda aurretik, eta oso txukunak izan dira. Pistina inguruko zoruak ez du labantzen, eta horrek asko hobetu du bertaratzen den jendearen segurtasuna. Datorren urtera begira obra gehiago egiteko beharrizana dago, batez ere tabernan. Aurpegi garbiketa bat egiteko premia dauka eta horretan gabiltza.

Zeintzuk dira beharrizanak bai herrigunean bai auzoetan? Auzo batzarretan zer ondorio atera duzue?
Uda sasoian herri bilerak egin genituen Axpeko, Santixako eta Arrazolako auzotarrekin, eta irailean Apatako herritarrekin. Oso harrera ona izan genuen eta etorri ziren herritarrak oso gustura sentitu ziren. Parte hartzaile, ideia eta proposamen asko izan genituen, eta laguntzeko prest agertu ziren. Auzoak berpiztu eta txukun mantentzeko erabakia eta konpomisoa transmititu genizkien. Denon artean, gura dugun Atxondo eraikitzeko bideari ekingo diogu, eta horrela jarraitzeko asmoa eta gogoa ditugu.

Urkuzun kultur etxea egiteko proiektua planteatu zuen EAJk. EH Bilduk, bestalde, gizarte etxea aipatzen du hauteskunde programan. Proiektu hori zertan da?
Aurreko udal taldeak Estatuko diru laguntza bat eskatu zuen, baina guk bertan behera utzi behar izan dugu, diru faltagaitik. Izan ere, 1,2 milioi euroko proiektua da, eta diru laguntza 600.000 eurokoa zen. Beraz, udalak beste erdia finantzatu behar zuen. Ahaleginduko gara diru laguntza hori berriro eskatzen, baina udalaren aldetik aurreikuspen ekonomiko bategaz. Gizarte etxe bat egiteko ideiagaz jarraitzen dugu. Lanketa eta prozesu hori guzti hori aurrera eramateko, herriari berba eman behar zaio. Orain urte batzuk lanketa sakon bat egin zen eta proiektu zehatz eta polit bat irten zen, baina garrantzitsu eta beharrezko ikusten dugu Plan Orokorraren eraketa martxan dagoen une honetan arnasa hartu eta berriro lanketa bat egitea.

Herritar batzuek kultur mahaia sortu dute. Zer deritzo udalak?
Udalak oso aberasgarri ikusten du kultur mahaiaren eraketa. Oso aukera ona ikusten dugu herria berpizteko eta herritarrak animatzeko. Gure aldetik babes osoa izango dute eta dagoeneko elkarlanean gabiltza hainbat ekintzatan. Kultur mahai hori herriko hainbat talde eta herritarrek osatzen dute eta oso ideia polit eta interesgarriak lortzen ari dira Atxondoko herriarentzat eta herritarrentzat.

Badago aurreikuspenik Markoida ingururako?
Oraingoz, informazioa batzen gabiltza. Oso zonalde garrantzitsua da Atxondoko herriarentzat, eta lanketa sakon bat egiten gabiltza. Bertan dauden aukera guztiak aztertzen eta herriarentzat irtenbiderik onena topatzen gabiltza.

Jubilatuen etxeak itxita jarraitzen du. Baduzue zabaltzeko asmorik?
Aurreko udal taldeak lizitaziora atera zuen eta pertsona bati esleitu zitzaion. Baina lizitazioa eskuratu zuen pertsona horrek kontratua bertan behera uzteko prozesuari ekin zion eta gu bide horri jarraitzen gabiltza. Hemen burokrazia lanak astiro doaz, baina gure asmoa eta nahia jubilatuen taberna berriro zabaltzea da. Berriro lizitaziora ateratzea dugu helburu. Gainera, jakitun gaude badaudela taberna hori hartzeko interesatuta dauden pertsonak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!