Udal eta foru hauteskundeak

Atxondoko EAJk egoiliarrentzako aparkaleku sistema ezartzea proposatu du

Anboto 2023ko mai. 25a, 12:07

Bisitari-kopuru handiena dagoen egunetan Ziarreta, Jauregi eta José
Antonio Agirre Lekube kaleetako auzotarrei aparkatzen laguntzeko
aparkaldi mugatua aurreikusten da.

Atxondoko EAJk Ziarreta, Jauregi eta José Antonio Agirre Lekuben bizi diren auzotarrentzat aparkaleku mugatuko eremuak ezartzea proposatu du jardunaldi jakin batzuetan. EAJtik defendatu dutenez, “aparkatzeko sistema arautu hori ezartzeko neurriaren arrazoia da egun askotan, jaiegunetan eta asteburuetan bereziki, udalerria bisitariez gainezka dagoela eta kale horietan bizi diren atxondotarrek aparkatzeko arazoak dituzte”. Hori dela eta, alderdi jeltzaleak ez du baztertzen erreserbatutako aparkalekuen erabilera arautzen duen ordenantza bat egitea, egoiliarrek soilik erabiltzeko, eta neurri horretaz baliatzen den lehen auzoa Jauregi auzoa izan daiteke. “Behin berrurbanizazio-lanak amaituta eta auzoko bizilagunekin adostuta, proposamenari ondo baderitzote, txartel-sistema baten bidez aparkatzeko sistema mugatu bat ezar genezake, udalerria bisitariz gainezka dagoen jardunaldi horietan bizilagunei aparkatzeko aukera emango diena”, azaldu dute ohar batean.

Jauregi auzoan, hain zuzen ere, espazio hori guztia berrurbanizatzeko lanak amaitzear daude. Jarduera urtarrilaren amaieran hasi zen eta berdegunea, pasealekua, banku, ur-kanalizazioa egiten ari dira 55 aparkalekurekin, oharrak zehazten duenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!