Horrez gain, arloz arlo beraiek landuko dituzten puntuak zehaztu dituzte. Hauek dira helburu horietako batzuk: "Benetako eredu partehartzailea" bultzatuko dutela azaldu dute EH Bilduko kideek, eta "udaletxeko ateak irekiko" dituztela, besteak beste . Plenoak arratsaldez eginez eta batzorde zein herritarrei parte hartzeko aukera emanez. Bigarrenik, oinezkoentzako gune gehiago egingo dituztela esan dute, herri atsegin eta bizigarri bat sustatzeko. Eta zerbitzu guztiak eskura eta guztientzat irisgarriak izateko lan egingo dutela azaldu dute. Eskolak eta IGEk bultzaturiko proiektuak babestuko dituztela azaldu dute eta basogintzako eredu jasagarria bultzatu. Kultur-agenda bateratua sortzeko herritik sorturiko kultur mahaia babestuko dutela gaineratu dute eta Urkuzu Gizarte-Etxea sortu nahi dutela. Azkenik, ingurumena babesteko, AHTaren obrek sortutako eragozpenak murrizteko eta pertsonen segurtasuna bermatzeko lanean jarraituko dutela diote talde subiranistako kideek.