Eztabaida piztu da Atxondon EH Bilduk ez duelako osoko bilkurara joateko deialdirik jaso

Anboto 2022ko abe. 22a, 13:12
Artxiboko irudia.

Osoko bilkura gaur goizean egin dute batzar aretoan, EAJko zinegotziak bakarrik zeudela. EH Bildukoak ez dira bertan izan ez dutelako plenoa egingo zen jakinarazpenik jaso. Udalak akatsa onartu du eta datozen egunetan beste bilkura bat deituko duela aurreratu du. 

Gaur goizean 2023ko aurrekontuak onartzeko osoko bilkura egin dute Atxondon eta EH Bilduko zinegotziek salatu dute beraiei deialdirik bidali gabe ospatu dutela bilkura. "Pleno horren baliogabetasuna eskatu dugu, ez delako legeak eskatzen duena bete: deialdiak 48 orduko aurrerapenaz jaso behar dira", azaldu dute. "Gutariko inor ez dela aurkeztu ikusita ere, plenoa ospatzeak zer pentsa ematen digu. Momentuan, konprobatzeko bada ere, ez dute telefono dei bat egiteko interesik izan. Eta aurrera jarraitu dute. Udal honen funtzionamenduaren beste adibide bat izan da gaurkoa", kritikatu diote EAJri. 

Gobernu taldeak, berriz, akats bat egon dela onartu du, eta datozen egunetan beste bilkura bat deituko dutela iragarri du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!