Igor Olaetxeak zinegotzi kargua utzi du eta Josu Barandallak hartuko du honen lekukoa

Maialen Zuazubiskar 2021ko urt. 12a, 13:33
Ezkerrean Olaetxea eta eskuman Barandalla

Sei urteren ostean zinegotzi kargua utzi du Igor Olaetxeak. Bere lekua Josu Barandallak hartuko du . 

Legegintzaldi hasieran adostutakoari jarraipena emanaz, Igor Olaetxeak zinegotzi kargua utzi du eta Josu Barandallak hartuko du bere lekukoa. Barandalla informatika teknikaria eta komunikazioan aditua da. Egun Atxondoko EH Bilduko mahai politikoan dabil lanean. Barandallak "ilusioz eta lanerako gogoz" dagoela aitortu du. 

Olaetxea 6 urtez zinegotzi lez
Igor Olaetxea 6 urtez izan da zinegotzi Atxondoko Udalean. "EAJk gobernuan dagoenetik Gure Pertsonak batzordea, Igor egon den batzordea, ez da batu. Eta gure iritziz hori lotsagarria da", kritikatu dute EH Bilduko zinegotziek. "Niretzat gabezia izugarria izan da batzorderik egon ez delako arlo instituzionalean ezin aportatu izana", azaldu du Olaetxeak. "Alarma gorriak herrian pizten diren einean, udal batzordeetan lanketa berezi batzuk martxan jarri behar dira, herrikideekin adostuak", jarraitu du. 

Bilkurak eta batzordeak
Bestalde prentsa ohar berean EH Bilduko zinegotziek salatu dute "EAJk plenoekiko eta batzordeekiko duen jarrera". "Azken urtean egindako pleno guztiak ezohikoak izan dira, herritarren ahotsari entzungor eginez. Ez dira batzordeak egiten eta egiten diren bakarrak gai puntual teknikoak lantzeko izaten dira. Horrez gain, herri taldeen harremanak sendotzeko eta benetazko herrigintza partehartzailea garatzeko , Gure Pertsonak batzordea  eta plenoak arratsaldetan egitea guztiz beharrezkoak direla deritzogu", esan dute talde subiranistako kideek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!