Gurasoek jakitera eman dutenez, Covid19ren krisia lehertu baino lehen Atxondoko Udalak eta Hezkuntza depertamentuak jantokian sukaldea jartzea bigarren maila batean uztea erabaki zuten; hau da, horren aurretik beste lan batzuk egitea, esaterako, 2-3 urteko umeen gela egitea. Erabaki horren aurrean, gurasoek eta zuzendaritzak bilera batera deitu zituzten Atxondoko Udala eta Hezkuntza departamentua. "Bilerara ez zen ordezkari publikorik agertu. Alkateari deitu eta oso lanpetuta zegola esan zigun, eta zuen informazioa telefonoz eman zigun", azaldu dute.
Hori ikusita, eskola kontseilu bat eta familien agerraldi bat antolatu zutela jakitera eman dute Atxondoko familiek. "Baina konfinamendu egoera honetan gaudenez ezin izan gara elkartu. Beraz, etxeetatik gure aldarriarekin jarraitzen dugu eta sukaldea uda honetan jartzea eskatuko dugu", bukatu dute.