Atxondoko AHTrik Ez plataformak lanak hasi dituztela baieztatu du

Maialen Zuazubiskar 2019ko aza. 29a, 09:30

Urte luzez, AHTaren gaiak zeresan handia eman du Atxondon. Proiektua 12 bat urtean geldituta egon eta gero, badirudi hasi direla lanekin. Atxondoko AHTrik Ez plataformako kideek asteon ANBOTOri jakitera eman diotenez, dagoeneko hasi dira lanak egiten Apatamonasterion.

"Kapela baserriaren inguruan langileak daude, sasiak kentzen hasi dira, baita beste zenbait lan egiten ere. Hau etorriko denaren hasiera besterik ez da", salatu dute. Xabier Azkarate Atxondoko alkateak esan du lanak noiz eta nondik egiten hasiko ziren idatziz jakinarazteko eskatu ziola udalak enpresari, eta oraindino ez dutela ezer jaso. "Badakigu Kapela inguruan kamioien mugimendua dagoela, baina ofizialki ez dakigu lanekin hasi diren", aitortu du alkateak.

AHTaren inguruko kexak aspaldikoak diren arren, orain berriro azaleratu dira. "Dagoeneko hasi dira gure etxe aurretik kamioiak pasatzen, eta, hemendik aurrera, mugimendua izugarria izango da. Hau onartezina da eta jasanezina izango da", adierazi dio ANBOTOri kaltetutako bizilagun batek.

Trenaren nondik norakoak
Atxondotik, 1.754 metroko luzera izango duen zubi bat igaroko da, Apatamonasteriotik hain zuzen ere, eta zutaberik altuenak 85 bat metro izango ditu. Maisu etxea dagoen lekuan eraikiko dute zubia. Plataformako kideek jakitera eman dutenez, Atxondoko tartean dauden obra, bide, betelan eta azpiegiturek 100.000 metro karratu inguru hartuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!