Hainbat herritarrek Atxondon AHTa ez dutela gura aldarrikatu dute

Maialen Zuazubiskar 2019ko urr. 16a, 20:38

Eguenero 19:00etan batzarrak egingo dituztela jakitera eman dute AHTrik Ez plataformako kideek, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete. 

Gaur arratsaldean hamarka herritarrek Atxondon AHTrik ez dutela gura aldarrikatu dute Apatako plazan,  eta udal gobernu berriaren jarrera salatu dute."Badirudi udal gobernu berriari ahaztu egin zaiola herritarrek AHTren inguruan duten iritzia, eta isilpean, martxan jarri ditu garai batean gelditu ziren lan txikitzaileak", azaldu dute AHTrik ez plataformako kideek. Apatako plazan egindako ekitaldian, Atxondoko Udalari gardentasuna eskatu diote, baita lanen egoera nola dagoen ere. 

12 bat urtez geldituta egon dira AHTren lanak Atxondon, eta azken osoko bilkuran alkateak jakitera eman zuenez, 'AHTa badator Atxondora'. Horren aurrean, herritarrak mobilizatzen hasi dira herrian eta eguenero, 19:00etan, batuko direla jakitera eman dute. "Argi dago garaiak aldatu direla eta dagoeneko inguruan obra asko egin dituztela. Baina, oraindik garaiz gaude! Duela 12 urte Atxondotik pasa ez ziren bezala, orain ere ez dira pasako", esan dute plataformako kideek. 

Gainera ekitaldian AHTren lanen ondorioak ez direla beste lan batzuenak bezalakoak esan dute. "AHTak berarekin dakartza sarbide berri, zubi, zabortegi, desjabetza eta hainbat lur mugimendu. Baita, zarata, aire kutsadura...", adierazi dute. Horrez gain, etorkizuneko belaunadliei begira, "garapen jasangarri" batekiko apustua egin gura dutelako eta "ingurumen osasuntsu" baten bizi gura dutelako AHTrik ez dutela nahi azaldu dute. "Gainera, azken asteootan denon ahotan dugu aldaketa klimatikoa, eta guztiz kontraesankorra izango litzateke horrelako mugikortasun eredu baten alde egotea", bukatu dute plataformako kideek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!