Ane Intxausti izango da Atxondoko EH Bilduren alkategaia 2019ko udal hauteskundeetan

Anboto 2019ko urt. 30a, 13:05

Alkategaia aukeratzeko EH Bilduk urtarrilean egindako barneko prozesu parte-hartzailean hautagai bakarra aurkeztu da. Hauteskunde zerrenda osatuko duten pertsonak izendatzeko prozesua martxoan izango da.

Ane Intxausti Garitaonandiak 37 urte ditu, Zuzenbidean lizentziatua eta Haur Hezkuntzan graduatua da. Lan arloko abokatu bezala jardun zuen eta 2009 urtetik Abadiñoko Udalean dago lanean. Guzti honez gain, bi umeren ama da.

Hainbat herri mugimendutan ere parte hartu izan du, besteak beste Gure Esku Dagon, Andasto  Taldean, eta Martxoaren 8ko antolakuntza lanetan.

2019ko urtarrilaren 14tik 27ra bitartean egindako barneko prozesu parte-hartzailean Atxondoko EH Bilduren komunitateak zerrendaburu izateko proposatu zuen Intxausti, eta hauteskunde batzordeak proposamena egin ondoren, bere burua prest agertu du alkategai izateko, araudiak ezartzen dituen beharrezko abalekin eta komunitate osoaren babesarekin.
 
EH Bilduk prentsa oharrean azaldu duenez, "ilusio handiz" hartu du ardura. "12 urteko lanak herria gutxinaka eraldatzea lortu du, baina oraindik ere asko dago egiteko", dio Intxaustik. Hurrengo lau urteetan, udal batean lan egiteak emaniko esperientziarekin aritzeko eta taldean lan egiteko "konpromiso osoa" agertu du; eta era berean, Atxondo "guztion artean eraikitzen jarraitzeko" gonbitea luzatu die atxondotar guztiei. 
 
Zinegotziak, martxoan 
Atxondoko zerrenda osatzeko gainerako hautagaiak martxoan aukeratuko dituzte.
Alkategaia aukeratzeko egin den moduan, bigarren fase horretan parte hartzeko ere ezinbestekoa izango da EH Bilduren barneko erroldan izena ematea: https://elkarrekin.ehbildu.eus/
Behin barneko aplikazioan izena emanda, hauteskunde guztietarako (herrikoak, autonomikoak, Estatukoak eta Europakoak) zerrendak osatzeko prozesuetan parte hartzeko aukera izango da, baita EH Bilduren informazioa nahieran kontsultatzeko aukera ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!