Onintze Oleaga: "Eta 13 urteren ostean... Atxondok AHT gabe jarraitzen du!"

Onintze Oleaga (Atxondarra eta Batzar Nagusietako batzarkidea) 2019ko urt. 23a, 15:15

Pasa den ostiralean, 2019ko urtarrilaren 18an, el Correo egunkariak argitaratu zuenez badirudi Atxondo – Abadiño tarteko AHTren obrak berriz ere lizitatu dituela Espainiako Sustapen Ministeritzak. Lehenengoz 2014an egin zuen tramite hori, baina enpresa adjudikatzaileek kontratua bertan behera utzi zuten eta ondorioz gure herrian ez da obrarik hasi.

Esanguratsua egin zait El Correok aipatzen duena: “Seis meses después de aquello, a mediados de 2015, la obra se adjudicó, pero no pudo ni arrancar porque no estaban a disposición los terrenos para ejecutar los trabajos –EH Bildu, con el poder municipal en la zona, puso todos los obstáculos posibles–.” Harro egotekoa da Udalak honelako lorpenak izatea. Zorionak zuoi, hain txikia izanda erraldoi baten kontra egindako lanak aitortza merezi du eta!

Esanguratsua da ere El Correok momentu honetan iragarpen hau egin izana. Posible da hauteskundeen gertutasunak iragarpen hauek egitera behartzea, baina gaur gaurkoz ez dirudi ez Eusko Jaurlaritzaren ezta Espainiako Gobernuaren aurrekontuek ibilbide luzerik izango dutenik. Beraz, iragarpenak iragarpen, ikusiko dugu zertan gauzatzen den eta nondik finantziatzeko aukera izango duten diru xahuketa izugarri hau.  

AHTaren aurkako borroka 2006. urtean hasi zen gure herrian, taldetxo bat batu ginen eta buru belarri jarri ginen lanean Atxondok AHTri ez! lelopean. Gaur oraindik frontoian eskegita dago orduan marraztu genuen esku famatu hura. Famatua eta polita, AHTa  gelditzea irudikatzen baitu. Baina gure herrian AHTa gelditu izana ez du esku bakar batek lortu, esku asko izan dira AHTa lortzea geratu dutenak: mobilizazioak antolatzen lagundu duten guzti horiek, herri  galdeketa egitea posible izan zen esku guzti horiek, herri galdeketan parte hartu zuten herritarren esku guzti horiek, oztopoak jartzen aritu diren lur jabe guztien esku horiek, protestetan parte hartu duten esku guzti horiek, txapak paparrean jarri zituzten esku guzti horiek... Esku guzti horiek dira gure irudian AHTa gelditzen dutenak. Guztion artean posible egin dugu 2019ra arte AHT gabe heltzea.

Hainbatetan esan izan ohi dugu AHTa atzeratzea AHTa gelditzeko aukerak zabaltzea dela, eta nik gero eta argiago daukat.

Atxondo izan da AHTaren obrak hasi ez diren herri bakarrenetarikoa. Eta hau horrela bada guztion lanagatik izan da. Segi dezagun eskuak elkar biltzen, etorkizuna gu danon eskuetan dago!

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!