“Marixurrike elkartea herritik eta herriarentzat sortutako proiektua da”

Maialen Zuazubiskar 2018ko abe. 17a, 10:30

10 urte bete dira Marixurrike aisialdi taldea sortu zenetik. Iaz urte erdi iraun zuen hausnarketa prozesua egin zuten, eta, herriko komunitatea saretzeko asmoz, lan ildo berria ezarri zuten. Orain, berriz, hezitzaile bila dabiltza Arantza Rodriguez (Atxondo, 1991) eta Amaia Camuñas (Atxondo, 1992) Marixurrikeko kideak, belaunaldi aldaketa bat egitea beharrezko ikusita.

Marixurriken belaunaldi aldaketa bat egiteko asmoz, lan poltsa zabaldu duzue.
Arantza Rodriguez: Biotako batek lana utzi beharko balu ez dugu lan poltsarik; beraz, hau sortzea beharrezko ikusten genuen. Gainera,  Amaiak urte bi daramatza Marixurriken, eta nik bost, eta beharrezko ikusten dugu jende gaztea sartzea, belaunaldi aldaketa bat egon dadin.
Amaia Camuñas: Momentu honetan, gure atzetik ez dago inor eta pena litzateke egunen batean aisialdi elkartea desagertzea.

Etorkizuneko hezitzaile horrek nolako profila eduki beharko luke?
A.R.: Hasieran, Lehen Hezkuntza, Haur Hezkuntza edo begirale titulua edukitzeari ematen genion lehentasuna. Baina, Atxondoko egoera ikusita, bertakoa eta euskalduna izatea eta proiektuan eta herrigintzan sinestea ezinbestekoak zirela pentsatu genuen. Beraz, bigarren hauei emango diegu lehentasuna.
A.C.: Marixurrike elkartea herritik eta herriarentzat sortutako proiektua da; beraz, horretan sinestea ezinbestekoa da.

Zer eman dizue Marixurrikek?
A.R.: Niri, esaterako, pertsona moduan hazten lagundu dit. Lehen oso pertsona lotsatia nintzen eta asko lagundu dit horretan.
A.C.: Nik magisteritza ikasketak egin nituen eta umeekin harreman zuzena edukitzeko eta eurekin lan egiteko aukera ezin hobea eman zidan Marixurrikek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!