Aurten, inbertsioetan diru atalik handiena Ganboko inguruko lanen proiektuak izango du. “Kale Irekiak prozesuan herritarrek inguru horretan oinezkoentzat gune gehiago eta aparkalekuak antolatzea eskatzen zuten. Beraz, aurten hori egitea izango dugu helburu nagusi”, adierazi zuen David Cobos alkateak. Hori horrela 151.631 euro bideratu dituzte lan horiek egiteko.
Gorka Garate EAJ bozeramaileak, berriz, Kale Irekiak-en irtendako proiektua garatzeaz “pozik” daudela esan zuen.
Inbertsioetan hainbat proiektu
Barraski eta Anboto kaleetan ere segurtasuna bermatu aldera lanak egingo dituztela jakitera eman zuten osoko bilkuran. Kale bakoitzerako 25.000 euro bideratuko dituzte. Apatako plazako lanei ere jarraipena emango diote, eta horretarako 20.000 euro bideratuko dituzte. Proiektu hauez gain, Atxondoko kultura eraikinetako altzariak berrizteko 15.000 euro bideratuko dituztela adierazi zuten.
Bestalde, aurten 1.717.288 eurotan parekatu dituzte sarrera-irteerak. Iazko aurrekontuekin alderatuta 173.732 euro gehiago izango dituzte. "Zorionez aurrekontuetan goranzko joera bat ikusten da, hala ere, zuhur jokatu behar dugu", bukatu zuen Cobosek.