Atxondoko gurasoak eskolan sukaldea jartzeko eskaria egin duten lehenak, eskualdean

Maialen Zuazubiskar 2017ko aza. 15a, 13:13

Atxondoko Herri Eskolan ortua jarri zuteneko argazkia.

Kalitatezko elikadura osasuntsua umeentzat, bertako eta sasoiko produktuekin. Horixe aldarrikatzen dabil Atxondoko Herri Eskolako Ikasleen Guraso Elkartea Berton Bertokoa dinamiko kideen laguntzagaz.

Azken astean Atxondoko eskola komunitateak pausu “garrantzitsua” eman duela jakitera eman dute guraso elkarteko kideek. “Eskolarentzat zein herriarrentzat beharrezkoa den  sukaldea eskatzeko prozesua martxan jarri dugu”, adierazi du Alex Azpiri Ikasleen Guraso Elkarteko kideak.

Aurreko asteko eskola kontseiluan hezkuntza sailari sukaldea eskatzea erabaki ostean, Atxondo Berton Bertokoa ekimenaren barruan dauden bederatzi eskolatik seigarrena izan daiteke sukaldea edukitzen. “Egun bost eskolek dute sukaldea, eta gu seigarrenak izan gaitezke”, jakitera eman du Azpirik. Irakasle, zuzendaritza talde, guraso eta udal ordezkariek aho batez onartu duten eskaria eskolako hormetatik haratago doan zerbait dela adierazi dute ekimenaren bultzatzaileek. “Guretzat elikadura kultura da, eta bertako eta sasoiko produktuak kontsumitzeko lan egin behar dugu”, esan du Azpirik.

Gaztainerre jaia
Bestalde, duela bost bat urtetik udazkenean herriko Ikasleen Guraso Elkarteak bultzatuta eta Marixurrike aisialdi taldeak eta Berton Bertokoa dinamikaren laguntzagaz ohitura zaharrak mantentzea  helburu duen Gaztainerre jaia ospatzen dute.

Aurtengo Gaztainerre jaia umeentzako jolas eta tailerrekin hasiko dute 17:00etan herriko plazan. 18:00etan, gaztaina jana egingo dute eta ostean euskaraz mintza praktika ekimena antolatu dute. “Herrian euskaraz ikasten dabiltzan guraso asko daude, eta horiei praktikatzeko aukera eskaintzeaz gain Atxondon euskaraz hitz egitea bultzatu gura dugu”, adierazi du Azpirik.

Gaztainerre jaiari amaiera 19:30ean emango diote sasoiko eta bertako produektuen otzararen zozketarekin.
Gaztainerrea ume zein helduentzako jaia izango da eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.“Atxondarrei eta eskualdeko kideei jaialdiaz bat egiteko deia egiten diegu, giro ona nagusituko baita”, bukatu du Alex Azpirik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!