Gure Esku Dago eguna antolatu dute hilaren 29rako, Atxondon

Maialen Zuazubiskar 2017ko urr. 16a, 09:15

Atxondoko Gure Esku Dagoko kideak buru-belarri dabiltza lanean azaroaren 5ari begira. Hala ere, herri galdeketa eguna egin baino lehen, hainbat ekintza antolatu dituzte herrian.

Urriaren 29rako, esaterako, Gure Esku Dago eguna antolatu dute, eta aurretik, hilaren 19an, herri galdeketa eguneko galdera aurkeztuko diete atxondarrei.

“Erabakitze eskubidearen aldeko kanpaina galderaren aurkezpen egunean hasiko da, eta hortik aurrera zenbait ekintza egingo ditugu herritarren aurrean”, adierazi du Josu Barandalla Gure Esku Dago dinamikako kideak.   

Gure Esku Dago egunerako, urriaren 29a, esaterako, hainbat ekintza antolatu dituzte. Goizean, Asuntze Mendi taldearen laguntzagaz, mendi martxa familiarra egingo dute. Gainera, Barandallak  jakitera eman duenez, mendian otxandiarrekin batzea gura dute —otxandiarrek azaroaren 5ean egingo dute galdeketa—. “Oraindik ez daukagu dena lotuta, baina gure asmoa Otxandioko herritarrekin  mendian batu eta elkartasun irudi bat ematea da”, adierazi du Barandallak.

Mendi martxaren ostean,  herrian triki-poteoa egingo dutela eta egunari jarraipena herri bazkari bategaz emango diotela jakitera eman dute.

Arratsaldean bingoa eta fotomatoia egongo direla adierazi dute. Eta egunari amaiera emateko, txokolatada bat egingo dute, herriko plazan.

Galdeketa egunaren zain
Bestalde, Atxondoko dinamikako kideak herri galdeketa egunerako gogotsu daudela adierazi dute. “Alde batetik, oso urduri gaude, lan piloa egin behar delako. Baina, beste alde batetik, gogotsu ere bagaude, herriak galderari erantzun gura diolako”, adierazi du Barandallak.

Horrez gain, dinamikako kideek herritarrak bozkatzera gonbidatu dituzte. “Bozkatzea da garrantzitsua, erabakitzeko eskubidea daukagula esatea”, bukatu du Barandallak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!