Azaroaren 5ean galdeketa egiteko sinadurak biltzen dabiltza Atxondon

Maialen Zuazubiskar 2017ko eka. 30a, 17:00

Atxondoko Gure Esku Dagoko kideei maiatzaren 7an Herri Galdeketa egitea ezinezkoa egin zitzaien arren, hilabete hauetan lanean buru-belarri jarraitu eta dagoeneko badute galdeketa egiteko eguna. “Azaroaren 5ean Euskal Herrian herri galdeketen beste olatu bat egingo da, eta guk Otxandiogaz batera hartuko dugu olatua”, adierazi du Maialen Magunagoitia Gure Esku Dagoko kideak.

Hilabete hauetan guztietan erlojuaren aurka lanean ibili diren arren, dagoeneko une garrantzitsu batean sartuta daudela jakitera eman dute dinamikako kideek. “Galdeketa egiteko sinadura bilketa bat egitea beharrezkoa da, eta puntu honetara heltzea oso garrantzitsua zen guretzat”, aitortu du Maialen Magunagoitiak.

Axpeko jaiekin batera sinadurak biltzen hasi ziren Gure Esku Dagoko kideak, eta herritarren erantzunagaz oso pozik daudela adierazi dute. Gainera, uztailaren 23ra arte Atxondoko auzo guztietan sinadurak batzen egongo direla jakitera eman dute.

Gaur, esaterako, Apatan egongo dira, San Pedro jaiak direla aprobetxatuta. Baita bihar eta etzi ere. Horrez gain, uztailaren 7an, 14an eta 21ean ere plaza berean izango direla jakitera eman dute. Uztailaren 9an, berriz, Arrazolan sinatzeko aukera eskainiko dute, eta uztailaren 22an, Santixan.

Dinamikara batzeko deia
Bestalde, Gure Esku Dagokoek herritarrei dinamikara batzeko deia egin diete. “Herritarrek babesten gaituztela badakigu, baina atxondarren laguntza ezinbestean behar dugu. Lau zororen zorakeria izan beharrean, herri oso baten laguntza duen dinamika izatea gura dugu”, aitortu du Magunagoitiak. Beraz, herritar guztientzat ateak zabalik dituztela, eta sinadura bilketa egunetan dinamikaren nondik norakoak azaltzeko prest daudela jakitera eman dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!