Luengo: “Prestaketa lanekin disfrutatzea, egun handia topera bizitzea, eta ondoren, ezkontza gogoratzea da garrantzitsuena”

Maialen Zuazubiskar 2017ko mar. 29a, 09:30

Izorne Luengo Iriondo hamasei urtegaz hasi zen ezkontzetan zerbitzatzen. Ibilbide luze baten ostean, egun, Akebaso jatetxeko zuzendari eta maitrea da.

Urte luzez zabiltza ezkontzetan maitre lanak egiten.
Hamasei urtegaz amak lan egiten zuen jatetxe batean hasi nintzen zerbitzatzen. Astean zehar, idazkaritzako ikasketak egiten nituen, eta asteburuetan lan. Hainbat urte egin nituen bertan, eta hogeita hiru bat urtegaz Madrilera joateko aukera izan nuen, Fernado Canalesi esker. Orduz geroztik, hainbat lekutan ibili naiz Canalesen eta Mari Carmen Gonzalezen taldeagaz.

Orain, berriz, Akebasoko zuzendaritza hartu duzu?
Bai. Mari Carmen, orain arteko zuzendaria, urrian erretiratu zen, eta neuri eskaini zidaten zuzendaritzako kargua. Hartzea erabaki nuen.  

Esperientzia handia duzu ezkontzen munduan. Zuretzat zer eduki behar du ezkontza batek?
Nik bikoteei beti esaten diet, ezkontza batean garrantzitsuena hiru fase bizitzea dela. Lehenengoa, ezkontzaren prestaketa lanak bikotean disfrutatzea; bigarrena, egun handia bera topera bizitzea; eta azkena, behin ezkonduta eguna bera gogoan izatea. Bestalde, oso garrantzitsua da ezkontza batean bikoteak gura duen hori, izan janaria, aipangarriak... egotea. Adibidez, ni beti saiatzen naiz alde bien arteko harmonia bat lortzen, beraientzat egun ahaztezin bat izan dadin.

Horrenbeste urtean, gauza bitxi ugari ikusiko zenituen, ezta?
Bai. Hainbat ezkontza bitxi ikusi ditugu, eta gauza harrigarri ugari egiteko eskatu digute. Adibide bat jartzearren, Akebason neska euskaldun eta mutil arabiar baten ezkontza bizi izan genuen. Ezkongaiek plater arabiar bat gura zutela esan ziguten, mutilaren familia ezkontzara baitzetorren. Arroz arabiarra egin genuen, eta oso ona egin genuela esan ziguten.

Oso ezberdinak al dira duela urte batzuetako ezkontzak eta gaur egungoak?
Guztiz ezberdinak dira. Esaterako, jatekoari dagokionez, duela urte batzuk menu tradizionalak eramaten ziren, zainzuriak, almejak... Gaur egun, berriz, menu tradizionalei ukitu berritzaileak ematen zaizkie.

Zer da orain ezkongaiek gehien eskatzen dizuetena?
Ezkontzako menuari dagokionez, guri gehien eskatzen digutena postre modura pastela beharrean tostadak jartzea da. Gure produktu izarra dela esan dezakegu. Bestalde, gaur egun oso modan dago eguerdiko ezkontzetan, afari lez, barbakoa edo txitxi-burruntzia egitea, kebaba jartzea, antzinako furgoneta bat alokatu eta saltxitxa eta hanburgesak bertan egitea...

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!